Elite mailako igerilaririk onenak bildu ditu Ordiziak

Ordiziako Majori kiroldegian egingo dute igeriketa txapelketa/Marin
Ordiziako Majori kiroldegian egingo dute igeriketa txapelketa / Marin

Gabonetako Nazioarteko Txapelketa ari dira egiten Majori kiroldegian, Ligue Européene de Natation delako egutegiaren barruan

Ordiziako XXXV. Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa jokatuko da gaur, abenduaren 29an Majori kiroldegian, eta, beste urte batez, elite mailako igerilaririk onenak bilduko ditu. Ligue Européene de Natation delako egutegiaren barruko txapelketa da Ordizia Igeriketa taldeak antolatzen duena.

Antolatzaileek aurkezpenean iragarri zutenez, Jessica Val Europako txapeldun berria Ordizian da, eta kataluniarrarekin batera izango dira, esaterako, Tjasa Vozel esloveniarra, Francesca Fangio, Veronica Neri eta Sara Morotti italiarrak, Lidon Muñoz valentziarra eta Duane da Rocha malagarra.

Gizonezkoetan, berriz, Konrad Zcerniak poloniarra, Mislav Sever kroaziarra, Caba Siladji serbiarra, Florian Coiffard frantsesa, Martin Melconian uruguaiarra, Claudio Fossi italiarra eta Mario Navea izango dira Ordizian egongo direnetako batzuk.

Euskal Herriko selekzioko eta Madrilgo Federazioko igerilariak eta CN Sant Andreu, Gredos zein txapelketara itzuliko diren CN Barcelona eta Santa Olaya taldeetako igerilarien erakusketez gozatzeko aukera egongo da Majoriko lehian.

Igeriketa egokituak bere tokia izango du aurten ere txapelketan. Atal honetan parte hartuko dutenen artean dago Richard Oribe donostiarra, eta berarekin batera ariko dira jokatu berri den Munduko Txapelketan hainbat domina irabazi dituzten Nahia Zudaire eta Iker Aizpuru, esaterako.

Lau modalitatetan lehiatuko dira parte hartzaileak, 50 eta 100 metrokoan eta 100 eta 200 metroko distantzian estiloetan: tximeletan, bizkar eta bular estiloan, eta estilo librean. Atal bakoitzean gizonezkoak eta emakumezkoak lehiatuko dira. Txapelketa 10:00etan hasiko da eta finalak 18:30ean hasiko dira. ETBk zuzenean emango du.

Sariak eta sailkapenak

Aurten ere, eta urtero bezala, bakarkako gizonezko zein emakumezko sailkapen bat egongo da, FINA taula erabiliz lortutako puntuazioaren araberakoa. Sailkapen orokorrean finaletako emaitzak bakarrik hartuko dira kontuan. Lehen hiru sailkatuek Gipuzkoako Foru Aldundiaren garaikurra jasoko dute. Horrez gain, lehen sailkatuak 1.500 euroko saria jasoko du, bigarrenak 1.000 eurokoa eta hirugarrenak 500 eurokoa. Euskal Herriko igerilarien artean puntuaziorik altuena lortzen duen igerilariak 300 euroko saria jasoko du.

Euskal Herriko igeriketa txapelketarik garrantzitsuena da Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Txapelketa, eta Espainiar Estatuko garrantzitsuenetakoa. 1983tik jokatzen da, eta dagoeneko 5.000tik gora igerilari izan dira parte hartu dutenak, horietako asko olinpikoak izatera ere iritsi direnak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos