Badatoz Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Porrotx, Iparraldeko eta Goierriko ikastolen ordezkariak, atzo eskeinitako agerraldian./MARIN
Porrotx, Iparraldeko eta Goierriko ikastolen ordezkariak, atzo eskeinitako agerraldian. / MARIN

Hilaren 23an arituko dira Majorin, aurten ere bi saioetan arratsaldeko 16:00 eta 18:30ean

ORDIZIA.

Aurten ere, eta 21 urte dira, hutsik egin gabe, Goierriko ikastolek Iparraldeko Ziburu eta Urruña ikastolei beren laguntza eskaintzeko ahalegina egiten dutela. Hogeita bat urte ere Goierriko eta Ziburu-Urruñako ikastolek elkarlana hasi zutela. Izan ere, ikastolek bere sorreratik dute elkarlaguntza eta herritartasuna ezaugarri. Ikusi besterik ez dago azken 40 urte hauetan zenbat urrats eman diren ikastolaren izenean eta izanean. «Guztia euskara eta euskal kultura sustatzeko» diote antola-tzaileek.

Bere bidea egin dute ikastolek, eta normaltasun osoz ikusten dituzte gehienek. Duela bi mendetako lege zahar batengatik beti arriskuan dira ikastolak, behar bezalako laguntzarik ez emateko eta berriak sortzea oztopatzeko. Aurtengoan ere goierritarenganatzeko arrazoia elkarlaguntzarena da. «Ezin dugu ahaztu, zerotik hasitako ikastolak direla Urruña eta Ziburukoak eta azken urteotan urrats nabarmenak eman dituzten arren, behar gorriak dituztela oraindik gaur egun. Hain zuzen ere, bai Urruñako eta bai Ziburuko ikastolak, hornikun-tza lanetan murgildua daude».

1995ean sortu denetik, Urruñako ikastolak ehundaka haur euskaldundu ditu. Urte hartan 12 ikasle ziren Urruñako zinegelaren aldageletan euskara murgiltze ereduan ikasten hasi zirenak. Gaur egun, 120 ikaslek osatzen dute gure ikastola eta ikasle kopuruaren emendatzearekin batera, gure beharrak ere neurri berdinean emendatzen ari dira. «Adibide bat emateko, ikastolako hiru geletan obrak lehenbailehen egin behar ditu eta duela 200 urteko lege zahar batek eskola pribatu bati asimilatzen segitzen gaituen bitartean, obra horiek guk finantzatu beharko ditugu».

«Funtzionatzeko behar dugun diru hori biltzeko urtean zehar ekitaldi ezberdinak antolatzen ditugu (mus txapelketa, artzain txakur lehiaketa, afariak, etab.) eta horien artean, hogeitabigarren urtez segidan goierriko lagunekin batera antolatu dugun gure azaroko kantaldia» diote antoaltzaileek.

«Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioak berriz, 264 ikasle eskolatuz, murgiltze eredua hautatu duten ipar euskal kostaldeko 233 familia biltzen ditu. Irakasle eta pedagogi taldearen atxikimendua eta gurasoen militantziari esker gure kolegioa eraiki eta bizi arazteko ahala ukan dugu. Berrogeita zortzi urte pasa dira Iparraldeko lehen ikastola sortu zenetik, eta egun 34 ikastolek Iparraldeko ikastolen federakuntza, Seaska, osatzen dugu. Bizkitartean deusik ez genuen lortuko Hego eta Ipar Euskal Herriko partaideen sostengurik gabe. Hala nola, Urruña eta Goierriko ikastolek Piarres Larzabal Kolegioarekin batera urtero antolatzen dituzten ekitaldiek gure kolegioarentzako beharrezkoak diren diru laguntzak ekartzen dituzte. Laguntza horiek, gure semealabentzat sortzen diren proiektu pedagogiko, ekintza kulturalak eta eraikinak mantentzeko lanak ordaintzeko balio dute. Ikasle kopuruaren emendatzeak gero eta behar handiagoak sortarazten ditu», azpimarratu zuten.

Gauzak horrela, aurten ere, Iparraldeko ikastolei beste bultzada bat emateko asmoz, bi jaialdi antolatu dira. Lehena, joan den azarorean 26an egin zen Urruñan bertan. Bigarrena berriz, abenduaren 23an, Ordiziako Majori kiroldegian izango da, bi saioetan, arratsaldeko 4etan eta 6:30ean.

Egitarauan, Goierriko eta Urruñako haurrak kantari eta saioa borobiltzeko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek 'Borobilean' ikuskizun berria eskeiniko dute. Ondoren, Kuxkuxtu txaranga, kalean zehar.

Bihartik sarrerak salgai

Zazpi eurotan, honako leku hautean: Ordizian, Jakintza ikastolan (Villa Eugenia) eta Majorin, hilak 13 eta 14, 17:00etatik 18:30era, eta ondoren, Majorin bertan, agortu arte. Lazkaon: Gerriko liburudendan, Beasain: Ikastola Andramendi, bihar eta etzi, eta ondoren An-tzizar tabernan, Seguran: Elorripe tabernan, Itsasondo: Kaxintanen, Zaldibian: Joxepanen, eta Idiazabalen: Izpardendan (Terenen).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos