Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko ibilaldi gidatua

DV ATAUN.

Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Parketxe Sarea, Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzera batzen da.

Aurtengoan 'Paisaia' izango dugu hizpide eta Aralarko «paisaia kultural» bezala ezagutzen duguna nola eratu den ezagutzera emango da. Horretarako, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak ibilaldi gidatua antolatu du urriaren 7rako (larunbatarekin) Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko. Ondarreko harantxoa Aralarko Natur Parkean dago, Lizarrustiko Parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Bidea erraza bezain ederra da. Gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna aurkitu diren tokiak eta are gutxiago gaurdaino hain ondo gorde dituzten lekuak.

Aralarren aurkituriko giza aztarna zaharrenak (Neandertalek egindako tresnak) Ondarren aurkitu ziren eta baita Aralarko cromlech bakanetako bat ere. Hura induskatutako Joxean Mujika adituaren eskutik entzungo ditugu azalpenak.

Irteera gidaturako abiapuntua 9:30ean izango da Lizarrustiko Parketxetik. Adin guztietako bisitariei dago zuzendua txangoa. Izena emateko: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net, 943 180 335 eta 688 895 069.

Fotos

Vídeos