Ondarreko aztarnak ezagutzeko ibilaldi gidatua Joxean Mujikarekin

Joxean Mujika Aralar natur parkeko monolito baten ondoan . / JOSE MARI LOPEZ

DV ATAUN.

Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak ibilaldi gidatua antolatu du abuztuaren 6rako (igandea) Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko. Ondarreko harantxoa Aralarko natur parkean dago, Lizarrustiko parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Bidea erraza bezain ederra da.

Gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna aurkitu diren tokiak eta are gutxiago gaurdaino hain ondo gorde dituzten lekuak. Hain zuzen, ikerketa lanak ez dira oraindik bukatu eta ezin bazter daiteke oraindik aztarna gehiago topatzea.

Aralarren aurkituriko giza aztarna zaharrenak (Neandertalek egindako tresnak) Ondarren aurkitu ziren eta baita Aralarko cromlech bakanetako bat ere. Hura induskatutako Joxean Mujika adituaren eskutik entzungo ditugu azalpenak.

Bi abiapuntu izango dira irteera gidaturako: 9:00etan Lizarrustiko parketxetik eta 10:30ean Errekabletzeko langatik. Itzulera orduak 12:30ean eta 14:00etan izango dira, hurrenez hurren. Adin guztietako bisitariei dago zuzendua (12 urtetik beherakoentzat luzea gerta liteke ibilaldia). Azalpenak euskaraz emango dira. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net edo 943 18 03 35, 688 895 069.

Fotos

Vídeos