Ondarea ezagutzeko bi bisita berezi igandean eta hilaren 21ean

Zerain Paisaia Kulturalak Europako Ondarearen jardunaldietan parte hartuko du. / I.M.

Zeraingo Burdinaren Mendia ikustatzeko eta sagastietan barna bisita oso berezia egiteko abagunea eskainiko da

ION MUÑOA ZERAIN.

Europako Ondarearen Jardunaldien baitan, igandean Zeraingo Burdinaren Mendia bisitatzeko aukera izango da. Hurrengo astean, berriz, urriaren 21ean, sagastietan barna bisita oso berezia egiteko abagunea eskainiko da.

Bigarren urtez jarraian, Zerain Paisaia Kulturalak Europako Ondarearen jardunaldietan parte hartuko du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Jardunaldi multzo honen aurtengo gaia 'Paisaia Bizia, paisaia eraikuntza' izan da.

Eta Zerainen bi aukera ezin hobe eskainiko dira.

Igandean, goizeko 10:00etan Aizpeko auzoan dagoen Aizpitta adieraztegi edo interpretazio gunetik irtenda, Burdinaren Mendia deiturikoan egingo da bisita berezia, okasiorako bereziki prestatutakoa.

Mendialde guztian, mendetan zehar egindako burdinaren ustiaketak utzitako paisaia naturala eta kulturala ezagutzeko aukera egongo da, labeak, galeriak, herrasta-bide aztarnak, lurrazaleko harrobiak eta abarrak bisitatuz.

XI. mendeaz geroztik, Aizpeako meategietan burdina ustiatu da. Hainbeste urtetako gizakiaren jarduera horiei eta naturaren indarrari esker, paisaia oso berezia garatu da; ondare bizi hori ezagutzeko aukera ezin hobea izango dugu igandean.

Hurrengo astean, urriaren 21ean, Zeraingo sagastiak ezagutzeko aukera emango du bisita bereziak. Goizeko 11:00etan herriko museotik irtenda, herriko hainbat sagasti ezberdin bisitatu ahal izango dira.

Euskal Herriko paisaiaren zati handietan presentzia eta protagonismo berezia eduki izan dute sagarrondoek mendetan zehar. Zerainen ere, inguruko herrietan bezala, sagardoak garrantzia handia izan du historian zehar.

XX. mendean behera egin bazuen ere, azken urteotan bi sagardotegiren ahaleginari esker, sagastiek gero eta indar handiagoa dute gure herriko paisaia naturalean eta kulturalean. Bisita gidatu honetan, sagastiak bisitatzeaz gain, sagardoa nola egiten den ikusi ahalko da.

Bisita batean zein bestean parte hartzeko, aurrez izena eman behar da Zeraingo turismo bulegoan, 943 801 505 telefonora deituta edo turismobulegoa@zerain.eus helbidera idatzita.

Fotos

Vídeos