Oinarrizko informatika ikastaroa azaroan Alegiako KZgunean

GOIKOETXEA ALEGIA.

Informatikaren munduan lehen urratsak eman nahi dituztenentzat ikastaroa eskainiko du Alegiako KZguneak. Interneten lehen pausoak ematea, testuak, kalkulu orriak eta datu baseak kudeatzeko aplikazioen ezagutza eta sare sozialen eta Gmail posta elektronikoaren erabilera landuko dituzte ikasleek. Egunero eskainiko dira saioak bi txandatan: lehenengoa 16:00etatik 18:00etara eta bigarrena 18:00etatik 20:00etara. Informazio gehiago nahi duenak edo izena emateko asmotan dabilenak liburutegira (bertan dago KZgunea) jo dezake astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era. Urriaren 20an amaituko da izena emateko epea.

Futbol taldeen partidak

Intxurreko jubenilen mailako emakumezkoen taldeak Hernaniri 3-2 irabazi eta gero, sei punturekin sailkapeneko hirugarren postuan daude, eta Goierri Gorriren zelaian jokatuko dute asteburu honetako neurketa. Maila bereko mutilek ere 2-3 irabazi zuten Idiazabalen. Hauek ere hirugarren postuan dira bederatzi punturekin, eta hurrengo partida etxean jokatuko dute Ordiziaren aurka.

Erregionalak eta kadeteak punturik gabe geratu dira igaro berri den futbol jardunaldian. Erregionalek 2 eta 3 galdu zuten etxean Danenaren aurka. Sailkapeneko bosgarren postuan daude lau punturekin, eta azken postuan den Euskaldunaren zelaian jokatuko dute hurrengo neurketa. Kadeteek 1-3 galdu zuten multzoko lidergoan den Ostadarren aurka. Zortzigarren dira alegiarrak dira puntu bakarrarekin, eta beraiekin berdinduta dagoen Tolosaren zelaian jokatuko dute hurrengo partida.

Datorren asteburuan denboraldiari ekingo diotenak Aralar Intxurreko infantilen mailako taldeak izango dira: mutilen bi talde eta emakumezkoen talde bat izango dira aurten lehian. Mutilei dagokienean, seigarren multzoan ariko den Aralar Intxurre Bk Urnietaren aurka jokatuko du etxean. Beste taldea zazpigarren multzoan ariko da eta lehen neurketa etxean izango dute hauek ere, kasu honetan Beasainen aurka. Neskek lehen jardunaldian atsedena izango dute.

Fotos

Vídeos