Eli Nosellas (Alurr Dantza Taldeko zuzendaria): «Orain arteko ikuskizunek azalpena izan dute; gaurkoak, ez»

Eli Nosellas.
Eli Nosellas. / M.A./I.L.

M.A. IBARRA.

«Iberiar penintsulatik abiatu, mugimendu jostagarri eta kaletarrago batetik igaro, eta euskal kulturaren sustraietaraino iritsiko da» gaur, Alurr dantza taldearen 'Irradak' ikuskizuna. «Perkusio, erritmo, mugimendu, eta sentimenduz beteriko hiru dantza» izango dira, orotara, Aiert Beobide koreografiagilearen hitzetan, eta «hainbat lengoaia oinarri, norgehiagoka, maitasuna, talde-jolasak eta indarra batuko ditu». Diziplina askorekin lan egin ondoan, Alurreko zuzendaria den Eli Nosellasek herritar oro animatzen ditu gaueko emanaldira.

-Zer du berezi 'Irradak' ikuskizunak?

-Izenburuak ezer azaltzen du, ematen du arrastorik, flaxaren bat edo beste. Orain arte egindakoaren haustura izango da 'Irradak': hiru zatitan banatua egongo da, eta bakoitzak zerbait eskainiko du. Orain arteko emanaldi orok azalpen bat izan du, gurekin zerikusiren bat; gaurkoak, ez. Azkena, esaterako, 'Maruxak', sua eta emakumearekin zuen lotura; 'Oinazez' ikuskizunak barruko eztabaidarekin zuen harremana, atzera begiratzeko dugun joerarekin, baina aurrera eginez.

-Udan lan egiteak ez dirudi erraza...

-Oso zaila da. Aste honetan bertan egin ditugu azkeneko bi koreografiak. Sanbartolometan Alurreko talde ezberdinei ematen zaie parada parte hartzeko, eta aurten, helduenei dagokie. Zaila izaten da haiek batzea; hamalau bat dira, eta lana dela, ikasketak direla atzerrian... atzeratuta ibili gara, ez denbora faltagatik, baizik eta koreografiek zailtasun maila handiagoa eskatzen dutelako, eta erritmoa lantzeko esfor-tzu handiagoa. Azken egun hauetan, lauzpabost ordu sartu behar izan dituzte dantzariek; izan ere, orain arte, koreografia baten bueltan aritu izan gara; oraingoan, ordea, fusioa da bilatzen duguna, eta Aiertek dioen moduan, talde koordinazio eta zehaztasun handia eska-tzen duten mugimenduak erronka dira guretzat.

-Nola izaten da sorkuntza prozesua?

-Ikasturtea programatzen dugunean, irakasleekin biltzen naiz, eta udan musika bilatzen-edo hasten naiz, astiro-astiro. Talde bakoitzaren izaera ere aztertzen dugu, eta beste urtetako materiala ere ekar-tzen dugu gogora, zer egin den eta zer ez ikusteko. Helburuak marka-tzen ditugu ikasturte bakoitzean, eta talde bakoitzari estiloren bat esleitzen diogu. Jakina, taldearen kritikak eta proposamenak ere kontuan hartzen ditugu. Denon artean egiten dugu planifikazio teorikoa, irailean.

-Ibarrako ikuskizuna izaten al da Alurren emanaldien artean bereziena?

-Lehen, bai. Aurten, ordea, 'Maruxak' ikuskizuna oso berezia izan da guretzat. Urtero ikuskizun bat egiten dugu, eta aurten, bi atera ditugu aurrera.

-Erraza al da ikusleen gustuekin asmatzea?

-Oso zaila da haien iritzia aurreikustea. Guztian bezala, denetik egongo da. Nik dakidana da urtero zerbait ezberdina taularatzeko ahalegin asko egiten dugula, eta ez dela batere erraza. Egia da, tarteka, beste emanaldietan erabilitako musikak edo koreografien zatiak berreskuratzen ditugula, baina ez beti, eta atzean dagoen lana handia da. Iritzi guztiak dira errespetatu beharrekoak, baina egindako lana balioan jartzea oso garrantzitsua dela uste dut, batik bat, gazteen sakrifizioa, diziplina, eta eskainitako sartutako orduak... Bakoitzak ideia bat izaten du ikusi aurretik eta ondoren.

-Jantziak nork egiten ditu?

-Oraingo honetan, Garbiñe Granado eta Ramon Garciak egin dituzte jantziak. Azken momentuan egin ditugu ez genekielako zenbatek osatuko zuten taldea.

-Datorren ikasturtean izena emateko zer egin beharko du interesdunak?

-Ibarrako jaiak bukatu ondoan, berriro irekiko da Alurr dantza taldean izena emateko deialdia, irailetik aurrera, hilabetea amaitu bitartean. www.alurr.net web orrian edo Kultur Etxean bertan eman ahal izango da izena, baita nire telefono zenbakira deituta ere (635 757 048).

Fotos

Vídeos