San Nikolas Txikiak kantu-eskearekin konplitu zuen

Amets Albizu izan zen protagonista nagusia atzo Seguran. /  A.E.
Amets Albizu izan zen protagonista nagusia atzo Seguran. / A.E.

A. ETXEBERRIA SEGURA.

San Nikolas Txikia izan zen protagonista nagusia atzo Segurako kaleetan. Abenduaren 6an ohitura denez, obixpoz jantzita zeharkatu zuen hirigunea kantu-eskean, bere inguruan ibili ziren haurrek etxeetako leihoetatik eror-tzen ziren goxokiak jasotzen zituzten bitartean. Amets Albizu izan zen atzokoan Nikolas txikia eta 10:00etarako eliz aurreko arboladian zegoen, festari hasiera emateko zain.

Sotana, mitra, bakulu eta obispoaren agintea azaltzen duten elementu guztiez apainduta, goizean zehar bidelagun izango zuen pottokaren gainera igo eta kale Nagusian behera abiatu zen Amets, kantu-eskeari hasiera emateko. Hotz egin arren, eguraldia nahikoa ona izan zuen atzokoan Nikolas Txikiak bere ibilbidea burutzeko eta jende ugari gerturatu zen festa jarraitzera.

Kale Nagusiko lehen etxeetan egin zuen Ametsek San Nikolasen lehen erregua eta bere lagunek 'San Nikolas Txikia gure ganbaran hazia' abestiarekin erantzun zioten ohi bezala. Abestia amaitutakoan, haur denak «bota, bota, bota...» oihukatu zuten etxeetako leihoetara begiratuaz, bizilagunek goxokiak botatzeko eskatuaz.

Bere arreba Maier izan zuen laguntzaile Nikolas Txikiak eta, bandeja eskuetan zuela, bera arduratu zen jendeak emandako opariak gordetzeaz. Hiriguneko lehen etxeetan egin ziren errito horiek jarraipena izan zuten gero herriko auzoetan eta bizilagunak ongi portatu ziren haurrekin, hainbat leihoetatik erori baitziren mota guztietako goxokiak.

Beti bezala, poltsak goxokiz ondo beteta joan ziren bazkaltzera atzo Segurako haurrak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos