Nabarmen gailendu zaio Goierri Gorri etxean Añorgari

Koldo Zalduaren neskek partida bikaina jokatu zuten. /  JAVI UROLA
Koldo Zalduaren neskek partida bikaina jokatu zuten. / JAVI UROLA

Loinaz zelaian 5-0 nagusitu ziren goierritarrak

DV LAZKAO.

Aurreko asteko berdinketari jarraipen ona eman zion Goierri Gorriren lehen taldeak azken jardunaldian, garaipen sendo batekin. Sailkapeneko beheko postuetan bada ere, azken partidetan puntuak bilduta zetorren Anorga B Loinaz zelaira baina goierritarrek ez zieten aukerarik utzi eta bost goleko aldeaz garaitu zituzten.

Partida hasi aurretik okertu zitzaien eguna gorriei, hamaikakoan aldaketa bat egin behar izan baitzuten lesio batengatik. Hala ere, ongi berdeguneratu ziren eta joko ona eginez nagusitu ziren. Lehen gola 18. minutuan egin zuen Ane Lopezek, eta legazpiarrak egin zuen atsedenera joan aurretik kontuko bigarrena ere.

Atsedenetik bueltan Goierri Gorrik jarraitu zuen aginte makilarekin jokaldi onak josiz. Baloia, ez soilik atzean, aurkariaren area inguruan ere mugitzeko gai izan ziren. Hirugarren gola honela etorri zen hain zuzen ere, goierritarren taldeko zazpi jokalarik ukitu zuten baloia ezkerretik eskuinera Ane Lopezek 3-0ekoa egin aurretik.

Markagailuan aurretik joan arren serio jarraitu zuten gorriek eta, Añorgak aukeraren bat izan bazuen ere, Naiara Aldasoro atezainak ekidin zuen aldeak murriztea. Beste bi gol ere izan ziren Loinazen partida amaitu aurretik; 66. minutuan Miren Arrondok falta jaurtiketa bidez egin zuen goierritarren laugarrena lehenengo eta, 10 minutura, Eider Mansok igo zuen amaierako 5-0ekoa markagailura.

Erraz mugitu zuten baloia Koldo Zalduaren neskek, mugimendu guztiak zentzuz eginez. Taulan salto handiegirik ez baina goiko postuetara gerturatu dira puntuz. Euskal ligako zortzigarren postuan dira gorriak, 21 punturekin, etxean jokaturiko azken partidetan gol festa eskainiz gainera; guztira hamasei, hiru partidetan (Mariñoren aurkakoa kenduta, 0-2).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos