Musika emanaldia eta mus txapelketa gaur Adunan

Garbiñe Izagirre hitzaldian./
Garbiñe Izagirre hitzaldian.

NÚÑEZ ADUNA.

Adunako Kultur Astea aurrera doa eta gaur, ostiralean, ekitaldi ugari antolatu dira herritarrentzako. Arratsaldeko 18:00etan Loatzo musika eskolako ikasleek emanaldia eskainiko dute. Plazatik aterako dira eta herrigunean kalejira egingo dute Santa Zezilia eguna ospatzeko. Amaieran, parte hartzaileentzako merienda banatuko da. Arratsaldeko 20:00ak aldera Tolosaldea Sahararekin taldeko kideek tea prestatuko dute eta 21:30ean, berriz, Euskal Herriko Mus Txapelketako Adunako kanporaketa jokatuko da. Partidak Txulobi elkartean jokatuko dira. Ordu berean 'Coria y el mar' filmaren emanaldia izango da Udaletxe azpiko kultur aretoan, bertsio originalean.

Bestalde, azukrearen erabilera izan zen protagonista Adunako Kultur Astean. Herritar talde bat Txulobi elkartean elkartu zen te mota ezberdinak dastatzeko, guztiak azukrea erabili gabe gozatuz: limoia, arroz-siropea, estevia edota kanela erabili zituzten te berdea, gorria, roiboos, beltza, eta abar, gozatzeko. Bitartean, Leire Saizarrek azukrerik gabeko gailetak prestatu zituen, esteviarekin gozatuak.

Ondoren, Amaia Diez de Monasteriogurenek azukrearen eraginaren inguruko hitzaldia eskaini zuen. Kultur Aretora gerturatu ziren herritarrek egunerokotasunean erosten diren produktu ezberdinen kaxetako informazioa irakurtzen ikasi zuten, bakoitzak duen azukre kantitatea ezagutzeko. Azaldu zuenez, prestatutako jakietako askok behar baino azukre gehiago daramate, batez ere haurrentzako gosarirako produktuek, eta egunero jatera ohitu garen gailetak edota bizkotxoak noizbehinkakoak izan beharko lirateke, onena ogi-xerrak lirateke. Gainera, garaian garaikoa eta ahalik eta gertukoena kontsumitzen saiatu behar dela adierazi zuen, «haragia zein baserrietakoa den edota arraina nola arrantzatu den galdetuz».

Tandemean bidaia

Kultur Asteari hasiera emateko Iñaki Pagola eta Garbiñe Izagirrek udan tandem bizikletan Estatu Batuak zeharkatzeko egin zuten bidaia azaldu zuten. Adunako eskolako ingeles irakaslea da Pagola eta ikasle, irakasle eta gurasoek interes handiz jarraitu zuten beraien azalpena, bideo eta argazkiekin osatua.

Tandem bizikletan egiten duten zortzigarren bidaia da, Amerikako Estatu Batuetan barrena 7.000 kilometro osatu zituzten, horietatik 6.300 bizikletaz. Izan ere, aurreikusitako ibilbidea iparraldera aldatu behar izan zuten txakur basatiak ekiditeko eta itzuli handiegia eman beharrean autobusean egin zuten ibilbidearen zati bat. Guztira 14 estatu zeharkatu zituzten, ekialdetik mendebaldera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos