Muñagorri eskolak mende laurdena bete du

Igandean, eskolako soinketa gelan izan zen zinta mozteko unea. Aurpegiak margotzeko tailerra egin zen. Bazkarian ikasle ohiak eta oraingoak elkartu ziren. /  LABAIEN
Igandean, eskolako soinketa gelan izan zen zinta mozteko unea. Aurpegiak margotzeko tailerra egin zen. Bazkarian ikasle ohiak eta oraingoak elkartu ziren. / LABAIEN

Igandekoa denak elkartzeko eguna izan zen, lagun zaharrak agurtu

LABAIEN BERASTEGI.

1992ko azaroaren 12an inauguratu zen Berastegiko Muñagorri eskola. 25 urte hauetan ikasle eta irakasle ugari igaro dira beratik. Igandekoa denak elkartzeko eguna izan zen, lagun zaharrak agurtu eta egunerokoekin ere oroitzapenak berritzeko eguna.

Denek bat zetozen herriko eskolaren garrantziaz, umeek beraien sustraiak errotzeko tresnarik onena dela azpimarratuaz eskainitako hitzetan.

Igandekoa festa giroan igaro zen, hasiera ekitaldia goizeko hamarretan hasi zen Ane Garate egungo zuzendariaren hitz batzuekin. Ondoren, udal ordezkaria eta eskolarekin harreman zuzena izan duten pertsonen testigantzak izan ziren. Mikel eta Mireia ikasle ohiek bertso ederrak abestu zituzten.

Egungo ikasleek, Alex Rekondo eta Uxue Garmendiak dantzatu zuten agurra, eta ondoren eskolan dagoen ikasle nagusiena eta txikiena izan ziren zinta mozteko ardura izan zutenak, Uxue Aranalde eta Iraitz Yeregik hain zuzen.

Hasiera ekitaldiaren ondoren, tailer desberdinek eta argazkiek hartu zuten protagonismoa. Pintxo tailerra eta aurpegia margotzeko tailerrak batik bat oso erakargarriak suertatu ziren.

Eguerdian, Irati Saizarrek prestatutako dokumentalak, Muñagorri eskolaren ibilbidearen eta joan etorrien berri eman zien bertaratu zirenei. Bazkarian, 300 bat lagun bildu ziren Ipuliño frontoian, joku, txokolatada eta erromeriarekin amaituaz.

Fotos

Vídeos