Mikel Goiangerua Gipuzkoan bisitan

Ohitura mantenduz atzokoan Igaratzako ermitan izan zen Meza emateko garaian. Aralarko Adiskideak elkartekoek dena prest zuten ongietorria emateko eta erromeri giroan egun eder bat igarotzeko

E. ARRAIGO TOLOSALDEA.

Goizean goiz, eguraldi ona lagun zutelarik, martxan jarri ziren Aralarko Adiskideak elkarteko kideak Aralarko santutegira. Bertan Mikel Goiangeruaren irudia zain zuten Inaxio Azkoaga kapilaua Guardetxeko aparkalekura joateko. Bertan, zain zituzten hainbat lagun ongietorria emateko eta Goiangerua agurtzeko. Ondoren, Igaratzako bidea egiteko prest agertu ziren lagun asko.

Zazpi bat kilometro dira mendiko pistan egiteko, pagadi eder artean, eta urtero fededun ugari izaten dira bertan Goiangeruaren irudiaren ondoan egiteko. Paseo polita izaten da eta giroa ere gomendagarria mendizaleen artean. Aurten gainera eguzkiak ere ez zuen galdu nahi izan Mikel Goiangerua bisita Gipuzkoara eta konturatzerakoan Errenaga parajean zeuden. Bertan, Tolosako Aralarko Adiskideak elkartea antolatutako festan ohi den bezala, Igaratzako Gurutzea zegoen. Eguerdi partean, topo egin zuten bat eta bestea, gero Igaratzako ermitara joaneta meza eskaintzeko.

Errenagan, Juan Jose Agirre Lazkaoko komentuko Aita Benedik-tarrak kantuan jarri zituen bertan bildutako fededun guztiak ermitara iristeko bidean Goiangeruaren omenezko kantuak.

Gero, Aita Benedekitarrek Inazio Azkoaga kapilauarekin batera Meza eskaini zuten. Lagun asko hurbildu zen ermita txikiaren inguruan.

Elizkizuna amaitu ostean, erromeri giroa nagusitu zen. Trikitixa eta panderojoleen laguntzarekin primerako giroa izan zen. Salda beroa, txorizo eta haragi egosiaren pintxoak, sagardoa, ardoa eta bestelakoak dastatzeko aukera egon zen Tolosako elkarteak duen aterpearen kanpoaldean.

Aurten gainera, ekitaldi berezia antolatu zuten Enirio-Aralar mankomunitateko eta Nafarroako Unioko lagunek. Euren arteko elkartasuna bultzatu nahian bat egin zuten Igaratzan. Ekitaldi xume batean artzain eta abeltzain biltzen dituen bi elkarteetako ordezkariak, Josu Oiartzabal eta Juan Javier Lanzek parte hartu zuten. Gero, abezltzain eta artzainen arteko soka-tira desafioa egon zen.

Bazkaria eta musika izan ziren ondoren lagun artean egunari amaiera emanez.

Fotos

Vídeos