Mendi lasterketa eta txirrindulari proba, ikuskizun

Ibarluzea, Diez eta Olano korrikalariak eta Xabier Isasa txirrindulari jubenila. /  A. ETXEBERRIA
Ibarluzea, Diez eta Olano korrikalariak eta Xabier Isasa txirrindulari jubenila. / A. ETXEBERRIA

Julen Ibarluzeak irabazi zien Sanson proba eta Xabier Isasak Santikutz txirrindulariena

A. ETXEBERRIA SEGURA.

Kirol ekitaldiak izan dira nagusi asteburuan, Segura-Zerain mendi lasterketarekin eta jubenil mailako txirrindulari probarekin. Larunbat arratsean Sanson probaren 3. ekitaldia jokatu zen, non hainbat korrikalarik parte hartu zuen, horien artean herritarrak ugari. Sanson Luzean, 25 kilometro, Julen Ibarluzea larrabetzuarra izan zen lehena gizonezkoetan, ibilbidea 2:13:20 denborarekin beteaz.

Erakustaldia eman zuen hasieratik korrikalari bizkaitarrak, nahiz eta Santa Barbara jaisten orkatila bihurritu eta lesionatuta sartu zen helmugan. Bigarren Martin Diez herritarra sailkatu zen, 18 segundora, Iñaki Olano altzotarrarekin lehia estuan.

Lasterketa bikaina egin zuen Martinek beste behin eta lidergoa sendotu du Goierri Kopa Trailean.

Emakumeetan Ainhoa Sanz urretxuarra izan zen lehena, 2:34:45 denborarekin. Bigarren Marta Antoñana sailkatu zen eta Amaiur Iglesias hirugarren. Sanson motzean, 15 kilometro, Unai Santamaria hernaniarrak irabazi zuen gizonezkoetan eta Maria Zorroza gernikarrak emakumeetan.

Omenaldia ere izan zen probaren hasieran, Jokin Lizeagak jaso zuena. Lehen ekitaldiaren irabazlea izan zen urnietarra eta, duela gutxi Asturiasen mendi proba batean sima batera erorita izan duen istripuaren ondoren, antolakuntzaren errekonozimendua jaso zuen.

Txirrindulari proba

Gurutze Deunaren XLIV. Txirrindulari Proba jokatuko zen igandean, Jabier Ormazabalen oroimenekoa. Xabier Isasa urretxuarrak eskuratu zuen garaipena, ibilbideko 80 kilometrokoak 1:57: 49 denborarekin eginda, 40,328ko mediarekin. Lierniko azken igoeraren ondoren, 10 laguneko taldea iritsi ziren helmugara eta Bellota Goierriko txirrindularia erraz nagusitu zen esprintean. 2. Jon Ibarluzea ( C. Iturriaga) sailkatu zen. 3. Andoni Azkarate ( Portabicis). 4. Aitor Larrañaga ( Donosti). 5. Arkaitz Sukia ( Ampo). 6. Jon Arakama ( Ampo). Mendiko saria Andoni Azkaratek irabazi zuen eta taldeka Ampok.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos