Meltxor, Gaspar eta Baltasar eskualdeko hainbat herrietan izango dira gaur

GOIKOETXEA/NÚÑEZ/I.A. TOLOSALDEA.

Gipuzkoako eskualde eta herri gehienetan bezala Tolosaldean ere gaurko protagonista nagusiak Errege Magoak izango dira. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek, gurean ere, lan ederra egingo dute herri guzti hauetatik igarotzeko.

Irurako haurrek Errege Magoen bisita jasoko dute gaur ilun-tzean. Ohitura den bezala, 17:00etan txokolate beroa banatuko da plazan eta 18:00ak inguruan iritsiko dira herrira, Zilar kaletik. Herrian zehar desfilea egingo da eta plazan geldialdia egingo dute, Jaiotza Biziduna agurtu eta haurrei opariak banatzeko. Alegiara, bestalde 18:30ean etorriko dira. Orendain aldetik iritsiko direla espero da, eta herrian barrena ohiko ibilbidea egin ostean udaletxeko plazan agurtuko dituzte herritarrak.

Anoetan Basagain menditik jaitsiko dira oinez 18:30ak aldera eta San Juan kaletik barrena plazara iritsiko dira txistulariekin eta herriko gazteekin kalejiran. Ondoren, haurrek beraiekin hitz egiteko aukera izango dute eta guztiei goxokiak banatuko dizkiete. Asteasura zaldi gainean eta hainbat laguntzailez inguraturik, Elizmendi auzotik behera herrira etorriko dira 20:30ean. Plazan jaiotza biziduna izango da eta dantzariak, musikariak, bertsolariak, etab. parte hartuko dute. Berrobira ere iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar gaur. 19:00ak aldera iritsiko dira menditik plazaraino. Bertan, haurrekin hitz egin ondoren opariak banatuko dituzte beren bidearekin jarraitu aurretik.

Ohitura den bezala Bidania-Goitzera Hernio aldetik iritsiko dira 18:00ak aldera Bidaniko plazara eta herrigunean zehar kalejira egin ondoren frontoian ongietorria emango zaie. Azkenik, Lizartzan, Errege Magoak, pajeez lagunduta, 19:00ak aldera iritsiko dira eta herrigunean kalejira egin ondoren haurrek beraiekin hitz egiteko aukera izango dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos