Maila handiko Errezil sagarrak Gabirian

Lehiaketa desberdinetako irabazleak euren sariekin, antolatzaile eta agintarien ondoan. / ARGAZKIAK BAZTARRIKA
Lehiaketa desberdinetako irabazleak euren sariekin, antolatzaile eta agintarien ondoan. / ARGAZKIAK BAZTARRIKA

Giro bikaineko lehiaketa eta baserriko produktuen azoka izan zen atzo bertan

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Atzoko Gabiriako XVII. errezil sagar lehiaketa eta baserriko produktuen azokan sekula baino ekoizle gehiagok parte hartu zuten, etxe bakoitzak euren produkturik hoberenak aurkezten zituelarik saltzeko edo sariren bat irabazteko asmoarekin. Honela, herri gunean barazkiak, fruituak, landareak, herriko errotako irinarekin eginiko talo gozoak, ogiak, gaztak, eztiak, bitxiak, eta nola ez, azokako izarra den errezil sagarra eta hau oinarri bezala harturik osaturiko produktu ezberdinak aurkitu zitezkeen.

Lehiaketei dagokienez, aurten ere bertan egin zen Goierri Beheko ezti lehiaketa, irabazlea 0,2 puntuko diferentziarekin Beñat Elorzarena izan zen, bigarrena, iazko irabazlea, Igor Altunarena eta hirugarrena Juan Elgarrestaren eztia.

Sagar goxo lehiaketan, sari bakarra eman zen eta aurkeztutako guztiak primerakoak izan ziren arren epaimahaikoak irabazle Nekane Agirrek eginikoa aukeratu zuen. Errezil sagar lehiaketan irabazleak Isabel Zumalakarregi, Pedro Iztueta eta Anttoni Murgiondo izan ziren arren, azken hau iaz saritua izan zenez, bere ordez Gotzone Arrondoren sagarrak izan ziren sarituak. Isabel Zumalakarregi eta Pedro Iztueta iaz irabazleak izan ziren, baina ezin izan zuten saria jaso aipaturiko arauarengatik, aurten bai ordea.

Bestalde, Josu Osa zuhaitz ezberdinak noiz eta nola txertatu eta kimatu behar diren azaltzen egon zen, Lontxo Ormazabal sukaldariak errezil sagarrekin eginiko bi konpota klase nola egiten diren erakutsi zuen, eta Jakoba Errekondok argitaratu berri duen liburua/agenda sinatu eta aurkezten aritzeaz gain, zaleei landareei buruz zituzten zalan-tzak argitu zituen bertaratutako lagunei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos