San Lorentzo egun handia gaur Berastegin

Potxin eta Patxin pailazoekin barre asko egin zuten Berastegiko gaztetxoek.

LABAIEN BERASTEGI.

Atzo eguerdian bota zen txupinarekin eman zitzaien hasiera aurtengo Salontzo jaiei. Umeen eguna izan zen, puzgarri, pailazo eta abarrekin ederki pasatzeko aukera izan zuten txikienek.

Gaur, abuztuak 10, Salontzo eguna, egun handia dute berastegiarrek. 9:30ean San Lorentzo ermitan ospatuko den mezarekin emango zaio hasiera egunari. 9:45etan, mountain bike igoera herrikoia jarriko da abian, herrigunetik San Lorentzoko ermitarainoko bidea eginaz. Goizeko 11:15ean, alkate soinuarekin San Martin parrokiarako bidea egingo dute udal ordezkari eta herritarrek. 11:30etan izango da Meza Nagusia, Lagunak abeslari-k eskainitako Perosiren obra kantatuarekin.

Eguerdiko 12:30ean, pilota partidak hasiko dira Ipuliño frontoian. 4 eta 1/2an, Mikel Olazabal eta Aritz Lasa aurrez aurre. Eta binaka, Iker Salaberria - Julen Urruzola eta Unai Onsalo -Aitor Gorrotxategi aurrez aurre izango dira.

Arratsaldeko 18:00etan, bertsolariak: Iñigo Gorostarzu, Iker Zubeldia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze. Gai-jar-tzaile lanetan Amaia Agirre ariko da. Ondoren, herriko San Juan dantzak eta helduen dantza soka eskainiko dira. Bertan afaldu nahi duenarentzat, zahagi ardoa egongo da plazan. 22:30ean, 'Errimak oinetan' ikuskizuna Haatik dantza konpainiaren eskutik eskola atarian. Eta eguna bukatzeko, Ezten Giro erromeri taldea izango da lanean goizalderarte.

Herri-afaria bihar

Bihar ostirala, goizeko 10:00etan, goiz deiarekin hasiko da eguna. 11:00etan, haurren frontenis-txapelketako finalak jokatuko dira eta ondoren, pala txapelketako finalak jokatuko dira. 17:30ean, herritarren arteko herri-kirolak izango dira eskola atarian. Ondoren, perku-poteoa herriko batukada taldearen eskutik. 21:30ean, herri-afaria, aurten 600 lagunetik gora espero dira eta eguraldiak lagunduko balu, plaza berritua estreinatzeko aukera izango li-tzateke. Afal ostean, hainbat leihaketetako sariak banatuko dira. Giroa alaitzen DJ Andoni izango da.

Fotos

Vídeos