Liburu, disko eta jostailuen azoka gaurtik igandera

ANDONI ETXEBERRIA SEGURA.

Aurtengoan XI. ekitaldia, euskal liburu, disko eta jostailuen azoka burutuko da ostiraletik igandera bitartean. Lazkao, Ataun, Beasain eta Ordiziako azokekin elkarlanean antolatu da aurten ere liburuen inguruko jaia. Liburuak, diskoak eta jostailuak erosi edo ikusi nahi dituztenentzat, azoka Botikaxarrean kokatuko da.

Gaur, ostiralean, 18.30etan, irekiko da, argazki lehiaketaren sari banaketarekin eta Azpilla Dantza Taldearen saskiaren zozketarekin. Larunbatean 11.00etatik 14.00etara egongo da zabalik goizean, eta arratsaldean 17.00etatik 20.30etara. Igandean 11.00etatik 14.00etara bisita ahalko da. Bukatzeko, astelehenean, Joseba Intxaustiren hitzaldia izango da, 19.00etan, Kultur etxean. 'Euskara berri modernoa egiten' izango du solasaldiko gaia.

Herri antzerkia Ordizian

'Iragana lahar eta larrosa' herri antzerkia Ordizian ikusteko aukera izango da gaur. Herri Antzokian taularatuko da, 19.30etan hasita. Lourdes Imazek idatzi eta zuzentzen duen bere bigarren antzerkia 15 herritarrek osatutako taldeak eramaten du jendaurrera. Seguran estreinatu ondoren, Idiazabalen, Zarautzen, Tolosan, Elorrion, Oiartzunen eta Hernanin plazaratu dute.

Primo de Riveraren diktaduratik Gerra Zibilaren hasierara eramaten du ikuslea antzezlanak (1923-1937). Goierriko herri batean dago kokatuta eta orduko bi familien bizimodua azaltzen da. Primo de Riveraren diktaduratik Bigarren Errepublikaren esperantza eta ilusiora igaro zen gizartea, baina azkenik dena 1936ko altxamendu faxistan amaitu zen. Testuinguru orokor honen barruan, Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egun berean, Jose Antonio Agirrek, beste alkate bizkaitar batzuekin batera, Euskal Errepublikaren aldarrikapena egin zuen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos