Leitzako Mikologialdia izango da asteburu honetan

E.B. LEITZA.

Hamargarren urtez mikologialdia antolatu du Leitzako ALKE Kultur Taldeak, herriko hainbat perretxikuzaleren laguntzaz asteburu honetarako. Gaur mendi irteera antolatu dute Mendibil mendi taldekoek. 09:30ean abiatuko dira Plazatik igandeko erakusketa mikologikorako lehengai bila eta arratsaldean, bildutakoak sailkatzen ariko dira adituak. Parte hartzeko eta ahalik eta perretxiku ikusgarrienak biltzeko deia egiten dute antolatzaileek; beti ere kantitate handiak biltzea ez dela komeni gogoraraziz.

Bihar igandea, erakusketa mikologikoa ikusteko aukera izanen da Karrapean 11:30etik aurrera, baita eskolako umeek egindako lanak ere. Haurrentzako tailerrak ez dira faltako eta dastaketa ere antolatu dute. Gainera, tabernarien ziza-pintxo gozoak dastatzeko aukera egongo da.

Erakusketa udaletxean

Bestalde, asteburu honetan Lei-tzako Udalak, Plazaola Patzuergo Turistikoa eta Lekunberriko Kantina zein Astitzeko aterpea enpresekin batera, Galesko kultura ezagutarazteko jarduerak antolatu dira. Leitzako udaletxeko batzar aretoan erakusketa egongo da. Erakusketan Luned Rhys Parri artista galestarrak, Plazaola aldeko herrietan egin zuen egonaldian, ateratako argazkiak erabiliz egin dituen lanak izanen dira ikusgai. Gainera gaur, 19:00etan, Galeseko musika herrikoiaz gozatzeko kontzertua izanen dute, zineman.

Fotos

Vídeos