'Lehengo eta gaurko begiradak' argazki lehiaketa

DV ORMAIZTEGI.

Ormaiztegiko Udalak argazkigintza eta herriko historia batuko dituen egitasmoa jarri du martxan, Zumalakarregi Museoarekin elkarlanean. Egitasmoa GFAk 2. urtez bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien barruan dago kokatuta, edizio honetarako aukeratu duten leloa 'Paisaia bizia. Paisaen Eraikuntza Gipuzkoan' izanik.

Azken hamarkadetan, Ormaiztegiko paisaia biziak jasandako moldaketak argazki formatuan jasoz, garai bateko zein gaurko Ormaiztegi gogoratu, ezagutu eta balioan jartzera animatzen dute antolatzaileek.

Abiapuntu izango da XX. mende erdialdeko herriko irudi bitxiak biltzen dituen argazki erakusketa eta ormaiztegiarrak argazki zahar horien kokapena identifikatu eta leku hauetan argazkiak ateratzea da asmoa. Lehengo eta oraingo begiradez osatutako erakusketa berrian islatuko da emaitza.

XX. mendeko argazkien erakusketa ikusgai Zumalakarregi Museoan irailaren 24a arte. Epe honetan zehar irekita egongo da gaurko argazkiak aurkezteko epealdia. Halaber, argazki aukeratuen erakusketaren inaugurazioa Zumalakarregi Museoan urriaren 6an, arratsaldeko 19:00etan izango da.

Lehiaketaren oinarriak

16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du (16 urtetik beherakoek guraso edo tutorearen baimena beharko dute), eta gaia 'Ormaiztegi. Lehengo eta gaurko begiradak' da.

Argazkiak irailaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 3 argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak JPG eta paper formatuan bidali beharko dira, gehienez A4 tamaina izan beharko dute. Argazkiak honako helbideetara bidali beharko dira: Udal Liburutegira, kartazalean lehiaketaren izena jarri behar delarik eta barnean igorlearen izen-abizenak, telefono zenbakia eta argazkien izenak, edo kultura.ormaiztegi@gmail.com helbidera (jpg formatua 1MB gutxienez).

Irabazleak 200 euroko saria jasoko du eta parte-hartzaile guztiei 'Ormaiztegi. Lehengo eta oraingo begiradak' argazki oroigarria emango zaie.

Fotos

Vídeos