Lehen faseko azken partidak jokatuko dituzte Intxurreko hainbat futbol taldek

Erregionalek aurkariek egiten dutenaren zain egon beharko dute igoera faserako edo Koparako sailkatzen diren jakiteko. /  RENOBALES
Erregionalek aurkariek egiten dutenaren zain egon beharko dute igoera faserako edo Koparako sailkatzen diren jakiteko. / RENOBALES

Jubenil mutilek lehen postua eta igoera faserako txartela ziurtatuta dituzte azken jardunaldiaren atarian

GOIKOETXEA ALEGIA.

Intxurreko futbolariek 2017ko azken partidak jokatuko dituzte asteburuan; erregionalentzat, jubenil mutilentzat eta kadeteen-tzat lehen fasearen amaiera izango da.

Erregionalek atsedena izango dute azken jardunaldi honetan. Iragan asteburuan 1 eta 3 irabazi zuten Lazkaon eta une honetan hirugarrenak dira 18 punturekin.

Aurkariek egiten dutenaren arabera, igoera fasean edo Kopan izango dira. Igoera faserako txartela eta lehen postua ziurtatuta dituztenak jubenil gizonezkoak dira. Lazkaoren aurka 6 eta 0 irabazi zuten aurreko neurketa, eta Billabonaren aurka jokatuko duten azken partidan ez dute ezer izango jokoan. Kadete mutilak, aldiz, Koparako sailkatu dira. Aizkorri Goierriren aurka 2 eta 0 galduta zazpigarrenak dira 12 punturekin eta Danenaren aurka etxean agurtuko dute lehen ligaxka hau.

Bestelakoan, emakumezko jubenilek bana berdindu zuten Axularren zelaian. Laugarrenak dira hamasei punturekin eta bigarren dagoen Tolosaren zelaian jokatuko dute urteko azken neurketa.

Azkenik, infantiletan, Aralar Intxurreko hiru taldeek ez zuten partidarik jokatu asteburuan eta datorrenean hirurak etxean ariko dira: mutiletan bi taldeek Ostadar izango dute aurkari eta neskak Euskaldunaren aurka ariko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos