Lazkaoetxeko Pako Azurmendik irabazi du Itziarko sasi-ardien lehiaketa

Hamar lote aurkeztu ziren, Euskal Herriko herrialde guztietatik etorriak

IRAOLA ZALDIBIA.

Joan zen asteazkenean egin zen, Itziarren, sasi-ardien aurtengo lehiaketa, eta Zaldibiako Pako Azurmendi Amundarainek irabazi zuen ardi-lote onenaren saria. Lazkaoetxekoa zorteko dabil azkenaldian ardien esparruan, adierazi genuen eran, Pakoren semeak, Eneko Azurmendi Urkolak, irabazi baitzuen, joan den igandean, Ardiki Eguneko mondeju-lehiaketa.

Hamar lote aurkeztu ziren Itziarren, Euskal Herriko herrialde guztietatik etorriak, guztira 60 ardi bere ahariekin. Pakoren esanetan, arraza horri eusteko gogoa eta ahaleginarekin ari dira lanean. Sasi-ardia da, Pakori berari zor diogu informazioa, hemen bertako arraza, antzinako ardia.

«Esan genezake», dio Pakok, «betizuen gisara, ardi basatia zela sasi-ardia, kasu askotan jaberik ere ez zuena».

Oso abere egokia da, kasik ahuntzaren parekoa, terrenoak garbi edukitzeko, eta hori ez zaie gaizki etortzen Lazkaoetxen, hain baserri handia izanik, 40 hektarea ingurukoa. Laurogei bat buru dauzkate.

Umea egiterakoan ez du beste ardi-arraza batzuek adinako konplikaziorik, bere kasa molda-tzen da gehienetan. Beraz, zain-tza errazagoa da, lan gutxiago ematen du.

Bestetik, haragi samurra eta gozoa da sasi-ardi arrazako arkumearena, txikiagoa da, eta oso orekatua grasa eta okelaren artean. Ardiak ez dituzte jaisten, ezta arkumerik saldu ere: etxean bertan baliatzen dituzte, batetik agroturismoa eta, bestetik, jatetxea baita Lazkaoetxe.

Fotos

Vídeos