Lazkao musikaz beteko da datorren astean

Lazkao musikaz beteko da datorren astean

Astelehenean hasita, Musika Astea ospatuko da Lazkao Txiki Musika eskolaren eskutik

A. ALARCIA LAZKAO.

Ikasturtea amaitzear dagoenean eta urtero moduan, emanaldiz beteriko musika astea antolatu du aurten ere Lazkao Txiki Musika eskola lazkaotarrak. Astelehenean hasi eta bost egunez musika izango da protagonista Lazkaon, musika eskolako ikasle eta irakasleei esker. Urtero moduan, emanaldi ugari prestatu dituzte hauek lazkoatarrei ikasturtean zehar ikasitako guztia aurkezteko eta musika eskolan egiten duten lana jendeari erakusteko.

Hasi berrien piano eta gitarra audizioarekin (17:00) abiatuko da aurtengoan Musika Astea, kultur etxean, bateria audizioarekin jarraizeko (18:00), musika eskolako 1 gelan. Ikasle helduen emanaldia ere izango da ondoren (19:30) kultur etxeko erakusketa gelan.

Asteartean, maiatzak 15, instrumentu erakustaldi tailerra egingo da kultur etxean (13:30), sokazko eta haizezko instrumentuen audizioa San prudentzio ermitan 17:30) eta gaztetxoen piano eta gitarra audizioa kultur etxean (19:00).

Asteazkenean, gitarrako ikasleek eskainiko dute emanaldia musika eskolako 1 gelan (17:00), eta trikitixa audizioa egingo dute ondoren musikari gazteek (18:30), gela berdinean. Ataungo konboek ere kontzertua eskainiko dute maiatzaren 16an, Ataungo Troskaeta tabernan.

Ostegunean instrumentu erakustaldia eta tailerra musika eskolan izango da (13:30), eta parte hartzaileek (baita astearteko tailerrekoek ere) emanaldia eskainiko dute ondoren Arerian (17:30). Musika eskola lazkaotarreko konboen kontzertuarekin amaituko dira egun honetako emanaldiak, frontoian (19:00).

 Bukatzeko, ostiralean, martxoko kultur astean atzeratutako Zirika Ziskusen emanaldiarekin gozatzeko aukera izango dute lazkaotarrek (17:00) herriko plazan, musika, zirkoa eta animazioa batzen dituen saioan, eta kantu audizioak emango dio errematea aurtengo Musika asteari (19:00), kultur etxeko erakusketa gelan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos