Larunbatean, GazteArt proiektuko lanen inaugurazioa eta erakusketa

IMANOL ARRATIBEL ZIZURKIL.

Zizurkilgo eta Azpeitiko udalak eta Azpeitiko Kultura Mahaiak elkarlanean egindako proiektua da GazteArt, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria departamentuak eta Europak diruz lagundua. Proiektuan parte hartuko dute sormen artistiko-plastikoko edo artistiko-grafikoko ezagutza, formazioa edota zaletasuna duten Aiztondo bailarako eta Urola Erdiko hamabi gaztek eta Napoliko (Italia) beste 12 gaztek.

Gazte horiek astebeteko bi egonaldi egingo dituzte urriaren 9tik 15era bitartean Gipuzkoan, eta abenduaren 5etik 11ra bitartean Napolin. Egonaldi horietan toki bakoitzeko sormen guneak eta sortzaileak ezagutuko dituzte, tailerrak jasoko dituzte eta taldean zein banaka lan egingo dute. Gipuzkoan egingo duten egonaldian, esaterako, argazkigintza-tailerrak egingo dituzte Azpeitian, Jon Andoni Martinen eskutik, Alkizako Urmara museoan tailerra egingo dute Koldobika Jauregiren gidaritzapean, bisita egingo dute BilboArtera, eta, azkeneko egunean, tailerra egingo dute Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, Zizurkilgo Maria Altuna artistarekin.

Egonaldiaren amaiera gisa, larunbatean, hilak 14, erakusketa muntatuko dute Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko erakusketa-gunean 19:00etan.

Fotos

Vídeos