Larraondo zerrategiak 25 urte egin ditu

Urteurrena ospatzeko igandean bisita gidatua eta argazki erakusketa egingo dira 10.30ean herriko plazatik abiatuta

ION MUÑOA ZERAIN.

1890. urte inguruan eraikia da Zeraingo Larraondoko zerrategia. Denboran zehar, uraren indarrari erabilera ugari eman zaio Euskal Herrian eta Zeraingo Larraondoko baserrian ere, uraren indarraz baliatzen ziren zerrategiko lanak egiteko. 1960. urte inguruan utzi zioten Larraondoko zerrategia erabiltzeari. Geroztik erreka bazterrean iraun du isilean baina, oraindik ere, bere mekanismo zaharkituak lanean ikus daitezke.

2011ko uztailaren 19an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburutzak erabakita, Zeraingo Larraondoko zerrategia, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu zen.

80ko hamarraldi inguruan zeraindarrak jabetu ziren herrian altxor ugari zituztela eta horiek berreskuratu egin behar zirela. Batetik, herriaren nortasunaren isla zirelako, eta bestetik, herriarengandik jasotakoa herritarrei nahiz kanpotarrei erakutsi behar zitzaiela erabaki zelako. Hala, Larraondo baserriko familiak Zeraingo Udalari eman zion Larraondoko zerrategiaren erabilera zesio baten bidez 100 urterako. Udalak zerrategia zaharberritu eta balioan jartzeaz gain, epe honetan mantenimentu lanak egiteko ardura hartu zuen eta bisitatu nahi zuen edozeinentzat erakusgarri jarri zuen.

Mantentze, zaharberritze eta balioan jartzeko lanek 8 hilabetez iraun zuten. Garai batean zuen itxura mantentzen saiatu ziren zeraindarrak, ahalik eta aldaketa gutxien eginaz. Eraikinaren egitura, aldaparoa, errekatxoaren bidea... lehengo eran mantendu ziren. Lan horiek egiteko erabilitako materiala ere bertakoa edo ingurukoa dira.

Jai egunetan 12etan

Gaur egun Zeraingo Turismo Bulegoak zerrategia bisitatzeko aukera eskaintzen du. Horrexegatik, bertaratu nahi duen edonork asteburu eta jai egunero eguerdiko 12etan, Zeraingo Turismo Bulegora gerturatu besterik ez du (gainontzeko egunetarako aurrez hitzordua hartu behar izaten da).

Zeraingo herritarren auzolanaren ondorioz eraberritu eta mantendu da Larraondoko zerrategia. Askok, seguruenik ez zuten usteko beste 25 urte martxan iraungo zuenik, baina gaur egun gerturatzen den orok, aldaparoan gordetako uraren indarrarekin bi turbinak nola mugitzen diren ikusteko aukera du. Turbina batekin argi-indarra lortzen da eta bestearekin berriz, zerrategian dauden 11 tresna eta makinak martxan jartzen ditugu.

Urteurren hau ospatzeko, Zeraingo Turismo Bulegotik Larraondoko zerrategira irteera antolatu da iganderako. Herritik oinez joango dira zerrategira eta bertan, zerrategia bera eta garai ezberdinetako zerrategiko argazkien erakusketa ikusteko aukera izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos