KZguneak informatika ikastaroak antolatu ditu herritarrentzat

GOIKOETXEA AMEZKETA.

Hamalau urtetik gorako amezketarrentzat informatika ikastaro eskaintza prestatu du Amezketako KZguneak: oinarrizko interneta (20 ordu); Libre Office Writer (8 ordu); Libre Office Calc (6 ordu); Twitter (4 ordu, 16 urtetik gorakoentzat); Gmail (4 ordu).

Astelehenetik ostiralera bi orduko saioak izango dira egunero (16:00-18:00 edo 18:00-20:00), eta ikastaro bakoitza aurrera ateratzeko gutxieneko lau laguneko taldea osatu beharko da. Oraindik data zehatzik finkatu ez duten arren, doako ikastaro horiek urrian edo azaroan izango direla aurreratu dute KZgunetik.

Izena emateko epea irailaren 19an zabalduko da (goizez udaletxean eta arratsaldez udal liburutegian) eta interesatuek honako datuak eman beharko dituzte: izen-abizenak, NAN zenbakia, telefonoa eta aukeratu duten ikastaroa eta ordutegia.

Beldurrak alde batera utzi eta ikastaro horietakoren batean parte hartzera animatu nahi ditu Udalak herritarrak. «Inoiz ez da berandu izaten gauza berriak ikasteko. Egunero entzun ohi ditugu hedabideetan zein inguruko herrietan gauza berrietan parte hartzen duten lagunen testigantzak, pertsona helduenak batik bat. Beraz, aprobetxa dezagun aukera hau; ea herritar kopuru duina biltzen dugun egitasmoa gauzatzeko».

Plenoa gaur

Astelehenean batzordeen bileran eztabaidatu ondoren, gaurko osoko bilkuran onartuko du Amezketako Udalak Larrunarri pilotalekua berritzeko proiektua, eta kontratazioari hasiera emango dio. 2016ko Kontu Orokorrak eta 2017rako udal langileen lan baldintzen egokitasuna ere bihar onartu beharreko puntuen zerrendan ageri dira.

Bestalde, Saturnina Zabala Galarzak zinegotzi kargua hartuko du biharko plenoan, eta mozioen atalean Altsasuko adierazpena izango dute aztergai. Bilera iluntzeko 20:30ean izango da udaletxeko pleno aretoan.

Fotos

Vídeos