Komikiak sarituko dituzte hamargarrenez

Galtzaundi Euskara Taldearen partetik Idoia Lahidalga eta Ibarrako Udaleko zinegotzi Jesus Peñagarikano izan ziren. / UDALA
Galtzaundi Euskara Taldearen partetik Idoia Lahidalga eta Ibarrako Udaleko zinegotzi Jesus Peñagarikano izan ziren. / UDALA

Aurtengoan, gainera, duela gutxi zendu zen Juanba Berasategi zinema-zuzendariari omenaldia eta eskertza egin nahi izan diote

M.A. IBARRA.

Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin batera, hamargarrenez Ibarra Galtzakomik lehiaketa antolatu du euskarazko komikigintza sustatzeko xedearekin. Aurtengoan, gainera, duela gutxi zendu zen Juanba Berasategi zinema-zuzendariari omenaldia eta eskertza egin nahi izan diote, euskarazko animaziozko film luzeetan aitzindari eta erreferente izateaz gain, Galtzakomikeko epaimahaiko kide ere izan zelako hainbat urtez.

Deialdia irekia da, edonork parte har dezake lehiaketan, bakarka. Gaia askea izango da aurten ere, baina aurretik aipatutako omenaldiari kasu eginez, Juanba Berasategiren 'Kalabaza Tripontzia' animaziozko film luzeari keinua egin beharko diote lanek, «inplizituki edo esplizituki».

Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean aurkitu daitezke, eta anak bidaltzeko epea zabalik dago jada azaroaren 20ra bitartean, Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan, edo ondorengo posta helbidera bidali ahal da: Galtzaundi Euskara Taldea, 'Galtzakomik komiki lehiaketa', Nafarroa etorbidea 6, behea, 20400 Tolosa (Gipuzkoa).

Sariei dagokienez, adin tarteen araberakoak dira, hiru multzotan parte hartu ahal baita lehiaketan. 12 urtetik beherako gaztetxoen artean, 100 euro eta komiki bilduma bat banatuko da, eta bigarren saridunak komiki bilduma eta marrazketarako materiala jasoko du. Horrez gainera, bost aipamen berezi egingo dituzte eta komiki sorta bana banatuko zaizkie. 12 urtetik 16 urte bitartera, lehen saria 200 euro marrazketarako material eta komiki bildumarekin; bigarren saria 100 euro eta komiki bilduma. Adin tarte honetan ere bi aipamen egingo dituzte eta komiki bilduma bana sarituko dira. Horrez gainera, bi adin tarte horietan Ibarrako komiki onenak opari txeke bat jasoko du komiki bilduma batekin. 16 urtetik gorako lehiakideen artean, lehen saria 700 euro eta bi lagunentzako afaria sarituko da, Eluska jatetxean; bigarren saria, 300 euro eta bi lagunentzako afaria, Danon Txokoa jatetxean. Gainera, saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.

Aipatutakoaz gainera, eta aurtengo edizioa berezia dela kontuan izaki, gaur, goizez, Tolosako eta Ibarrako ikastetxeetako ikasleek 'Kalabaza Tripontzia' filmaren proiekzioa ikusteko aukera izango dute Tolosako Leidor zineman. Bestalde, Galtzakomikera aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 1etik 15era, Ibarrako kultur etxean, eta sari banaketa abenduaren 1ean izango da, 19:00etan.

Fotos

Vídeos