Koadrilen eguna gaur Berastegin

Garaiburu eta Zabalak hogei minutuko aizkora saioa eskaini zuten.
Garaiburu eta Zabalak hogei minutuko aizkora saioa eskaini zuten.

Arratsaldean jokoak, toka txapelketa eta sagardo dastaketa izango dira. Gauean, Guda Dantza eta Gozategi taldeak

LABAIEN BERASTEGI.

Gaur larunbata, koadrilen eguna ospatuko da salontzo jaien barne. Lehenengo ekitaldia patata tortilla lehiaketa izango da. Koadrila bakoitza saiatuko da tortillarik goxoena eta politena egiten. Honekin batera 'Zirko tailerra' izango da txikienentzat, Zirika Zirkusen eskutik. Eguerdian, tortillen sariak banatuko dira eta bide batez dasta-tzeko modua izango da txakolinaz lagunduta. Eguna girotzen, Jaineken txaranga ariko da. Arratsaldean, koadrilen arteko jokoak izango dira, eta ondoren, sagardo dastaketa mokadutxo batekin. Tartean toka txapelketa herrikoia. Gauerditik aurrera, Guda Dantza eta Gozategi taldeen kontzertuak goizaldera arte.

Atzo ostirala, eguerdi artean, haurren frontenis eta helduen pala txapelketetako finalak jokatu ziren. Giro aparta sortu zen, oso parekatuak eta lehia estukoak izan ziren, ikusleek ederki gozatzeko aukera izan zuten. Arratsaldean, herritarren arteko herri kirolak jokatu ziren eskola atarian, bi talde aritu ziren elkarren aurka, talde bakoitza, bi kategori ezberdinetako jendeaz osatuta zegoen, helduak eta gaztetxoak. Talde bakoitzak kolore bat zeukan, urdinak eta gorriak, bakoitza 17 lagunez osatuta zegoen. Egin zituzten kirolak, lokotx-bilketa, zakuarekin korrika, korrika, lasto-altxatzea, trontza, txingak eta ingudea izan ziren. Tartean, Ibon Garaiburu eta Unai Zabalak hogei bat minutuko aizkora saioa eskaini zuten.

Bihar igandea

Bihar, goizeko 11:30ean, herriko aurre-benjamin, benjamin, alebin, kadete eta jubenilen pilota partidak izango dira. 18:00etan haurren dantza, txitu eta trikitixa-emanaldia izango da eta ondoren haurren dantza-soka. Amaitzean, Kupela erromeri taldea ariko da plaza girotzen. Gaueko 22:30ean, Dantzerki emanaldia izango da herrikoen eskutik. Eta ondoren, Kupela taldea berriz ere, jaiei amaiera emanez.

Fotos

Vídeos