Karmen egunarekin agurtuko dituzte festak alegiarrek

Alegiako II. Goitibehera Jaitsiera jokatu zen Napar-Etxeberritik behera.
Alegiako II. Goitibehera Jaitsiera jokatu zen Napar-Etxeberritik behera. / ARGAZKIAK A.G.

Hika teatroak eta Oinkari dantza taldeak 'Sagartu' eskainiko dute gaur eguerdian plazan

GOIKOETXEA ALEGIA.

Hasi orduko bukatuko zitzaizkien batzuei; ostegunaz geroztik ajea gainetik kendu ezinik dabiltzanak, berriz, bukatzeko gogoz izango dira akaso. Gaurkoarekin amaituko dira 2017ko Alegiako festak eta, egutegiak hala aginduta, aurten Karmen egunez agurtuko dituzte jaiak alegiarrek. Txistularien kalejira bereziak esnatuko du herria eta eguerdian plaza izango da jai gune nagusia: 12:15ean lorategi eta balkoi lehiaketako sariak banatuko dituzte eta ondoren Hika teatroak eta Oinkari dantza taldeak 'Sagartu' ikuskizuna eskainiko dute.

Arratsaldeko 17:00etan ume jolasak izango dira eskolako patioan Gaztelekuko kideen eskutik eta 18:30ean harrijasotzaileen XII. Txintxarri Saria jokatuko da Larraitz auzoko plazan: Gipuzkoako harri txikien txapelketa jokatuko da eta Idoia Etxeberriak marka saiakera egingo du 100 kiloko kubikoarekin. Afalaurretik zein ondoren Joselu Anayak taldeak dantzaldia eskainiko du plazan eta gauerdian ospatuko dute herritarrek txintxarria agurtzeko ekitaldia. Hitzordu horretara txintxarriarekin joateko deia egina du aurten ere festa batzordeak.

Karmen bezpera jendetsua

Espero bezala, atzo eguerdian jendetza bildu zen txorizo, sardina eta sagardo dastaketan. Goizetik zabalik egon zen haur parkean ere etengabea izan zen txikien joan-etorria. Arratsaldean Alegiako II. Goitibehera Jaitsiera jokatu zen Napar-Etxeberritik behera. Parte-hartze handia nabarmendu du festa batzordeak, maldan behera zihoazen ibilgailuak ikustera ere jende asko gerturatu zen bide bazterrera. Festetako larunbatetan hutsik egiten ez duen pilota jaialdia ere izan genuen atzokoan, noski.

Gauean Erramun Martikorenak eta Txintxarri abesbatzak kontzertua eskaini zuten Elizpe zineman eta ondoren Josu Rodriguez DJak girotu zuen plaza.

Lorratzak, Bulebarrean

Gazteek ere gaur agurtuko dituzte Bibalabirjen festak. Arratsaldeko 16:30ean mus txapelketa jokatuko da, 19:00etan Andoaingo Lorratzak taldeak kontzertua eskainiko du eta zahagiardoaren ostean herriko bertsolariak igoko dira Bulebarreko oholtzara.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos