Irura Lagunkoia ekimena aurkeztu zen atzo

Jubilatuen elkarteko kideek ere parte hartu zuten ekimenaren aurkezpenean. /  NÚÑEZ
Jubilatuen elkarteko kideek ere parte hartu zuten ekimenaren aurkezpenean. / NÚÑEZ

NÚÑEZ IRURA.

Bi urte badira Irura Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskadi Lagunkoia ekimenean sartu zela, herria hobetzeko adineko pertsonen partaidetza bultzatuz. Atzo Udaletxean Irura Lagunkoia aurkeztu zuten Ana Leunda alkateak, Eguzki Txoko jubilatuen elkarteko kideek eta Matia Institutuko Naiara Tomasenak.

Jubilatuen elkarteak proposatu zuen Irura Hiri Lagunkoien sarera gehitzea eta Udalak onartu ostean, azken urtean herriko diagnostikoa egin dute. Izan ere, Naiara Tomasenak azaldu zuenez, ekimenak «adineko pertsonen bizitza erraztuko duten guneak izan behar dira herriak. Horretarako, adinekoen esperientzia aprobetxatu nahi da herriak hobetzeko». Honen baitan ez da arlo fisikoa bakarrik kontuan hartu, baita egoera soziala ere, herriko bizitzan parte hartzen duten guztien arteko harremanak aztertuz.

Eguzki Txokoko kideek Irura zein lagunkoia den aztertu dute eta hainbat bilera egin dituzte udalarekin, baita Miren Genua Gizarte langilearekin. Ana Leunda alkateak azaldu zuenez «Iruran adinekoak asko parte hartzen dute. Guretzat onuragarria da beraien begietatik ikustea eta guztiontzako mesedegarria izango da». Era berean, herritarrei inkesta bat iritsi zitzaien ikastolaren bidez bere iritzia jakinarazteko.

Guztira zortzi arlo landu dituzte: garraioa, etxebizitza, parte hartzea eta gizarte sarea, errespetua eta barne hartzea, herritarren parte-hartzea eta enplegua, komunikazioa eta informazioa, gizarte eta osasun zerbitzuak, eta aire zabaleko lekuak eta eraikinak. Emaitza guztiekin talde bat sortu zen arlo bakoitza lantzeko eta atzo beraien proposamenak aurkeztu zituzten, Maximino Calvok, Mari Paz Armendarizek, Mari Carmen Iradik, Pedro Lopetegik eta Marimi Ugaldek. Orain udalak aztertu beharko ditu, lehentasunak jarriz eta Irura Lagunkoia Plana martxan jarriz.

Tolosaldeko 'Hiri lagunkoi' bakarra da Irura eta Eguzki Txoko Jubilatuen elkartetik herritar guztiak animatu zituzten bertan parte hartzera. «Proiektua jubilatuok hasi dugu, baina belaunaldi artekoa izan behar da, haurrak eta gazteak ere parte hartu behar dute, herri txukun eta lagunkoia izan dezagun».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos