Irizibarko karobia, Zizurkilgo altxorra

Lan ugari egin zuten Burdina eta Hernandorena kultur elkarteko kideek karobia txukuntzen./
Lan ugari egin zuten Burdina eta Hernandorena kultur elkarteko kideek karobia txukuntzen.

«Herrian dugun nekazal munduko ondarerik preziatuenetakoa da» diote Hernandoren kultur elkarteko kide den Joxi Azkuek

DV ZIZURKIL.

Altxo polit bat dago Zizurkilen. Itzibar baserriko karobia da. Burdina taldeko kideak Hernandorena Kultur elkartekoekin batera buru belarri aritu dira karobi zaharra berreskuratzen eta lan ugari egin ondoren ikusi daiteke, dotore. «Zizurkilgo karobirik dotoreena eta osatuena dugu Irizibarko karobia, herrian dugun nekazal munduko ondarerik preziatuenetakoa eta, beraz, kontu handiz zaindu beharreko altxorra. Horregatik, karobiak zuen egoera zailagatik Irizibar baserrikoen kezka jasota, Zizurkilgo Udala, Hernandorena Kultur Elkartea eta Andoaingo Burdina elkarlanean hasi ginen hau berreskuratzeko lanetan» azaltzen zuen Joxi Azkuek, ZIzurkilgo kultur elkarteko kideak.

«Taldearen lankidetzaren fruitu izan da Irizibarko karobiaren txukunketa, zaharberritzea. Burdina Taldeak 2017ko udazkenean egindako lan bikainak karobia haizeberritu du eta labeari gaur egun duen planta dotorea eman dio», azpimarratzen zuen Azkuek. «Burdina Taldeak karobia bera eta ondoko harrobiaren inguruak sasiz garbitu ondoren, labearen aho ingurua eta barneko nahiz kanpoko paretak txukundu ditu. Erabat hondatuta zegoen karobiaren sarrerako arkua ere konpondu behar izan dute Irizibarkoek beraiek eskuratu dieten harriez baliatuz. Teilatua ere askatu dute, gapirioak eta latak saneatuz edo ordezkatuz, amaitzeko teilaztatze lanak eginez».

Kare bizia egiteko

Dirudienez, eta Hernandorena kultur taldekoek jaso dutenez, «XVIII. mendearen hasieran orokortu ziren Euskal Herrian, artoaren eta babarrunaren hedapenarekin batera, baserrien aldaketa sakona eraginez. Baina artoak eta babarrunak, biak elkarrekin uztartuak beti, soroak ondo ongarritzea eskatzen zuten. Kareztatzeak uzta hobeak lortzea ekarri zuen, zalantzarik gabe».

«Eraikuntzan ere etxeparetak altxatzeko mortairu gisa erabiltzen zen; soroetan, ongarri bezala eta bertan sortzen ziren gaitzak akabatzeko; fruta arbolen gerria karez zurituta ere zomorroak uxatzen ziren; ganaduaren zauriak sendatzeko ona zen; baserrietako hormak kare-esnez (letxeraz) zuritzea tifusa eta nafarreria gaitzak desinfektatzeko egokia zen...» azaltzen zuen Azkuek. «Karobiak gehien bat bi mende eta erdiz erabili ziren. Ezin izan zioten aurre egin, ordea, XX. mendeko ongarri kimiko eta porlanaren produkzio industrialari eta beherakada nabaria izan zuten, kare produkzioa mende horren erdi aldera guztiz amaitu zen arte. Arto laborantza gutxitzeak eta industriaren etorrerak baserriko betiko lanetarako gero eta jende gutxiago geratzea ekarri zuten».

«Karobiak maldetan edo bide-bazterreko ebakidurak aprobetxatuz eraikitzen zituzten gehienetan. Inguruko gainontzeko herrietan bezala, Zizurkilen ere ia baserriro izango ziren baina, zoritxarrez, gutxik iraun dute gaurdaino. Gainera, sarritan, beste eraikinen bat egin behar zutenean, jada erabiltzen ez zen eta eskura zuten etxeko karobiaren harriaz baliatzen ziren. Horregatik, ez dira asko gaur zutik eta bere osotasunean dirauten karobiak gure herrian, lehen nonahi bazeuden ere. Azken aldian baserri askotan karobizuloa zabortegi moduan erabili da» zion Joxik. «Karea egiteak neke handiko lana eska-tzen zuen. Lehenik, nahiko ote eta egur moztu eta ihartzen utzi beharra zegoen. Gero, kare-haitza atera harrobitik, karobiraino garraiatu eta mailuz zatikatu, sagarraren tamainako harri koskor bihurtu arte. Karea egiteko bi modu eta karobi mota zeuden: karobi nagusiak edo zaharrak deituak batetik eta karobi frantsesak edo berriak bestetik. Zaharrenak izanda ere, mota honetakoak dira Zizurkilen zutik iritsi zaizkigun guztiak: Irizibarko hau bera, Lizardikoa, Ipidegikoa, Otazukoa, Andrezketakoa, Zarateko Bentakoa...».

Karobi nagusiak, zaharrak

«Karobi hauek hiruzpalau bat metroko altuerako eta beste pare bat metro diametroko zilindroak dira. Gehienek, Irizibarkoak adibidez, kanpoaldean aterpea izaten zuten, teilatu eta guzti. Lan horietan zaildutako norbaitek harria bueltanbueltan jartzen zuen karobi barruan, hala moduzko harrizko ganga edo bobeda bat prestatuz. Gangahorren gainean kareharria pilatzen zuten, goitik botata eta, behin beteta, su ematen zitzaion karobiari. Karobiaren azpiko aho-zulotik sartuta otea, gaztaina eta pago enbor zatiak erretzen ziren etengabe, sei bat egunez suari eutsiz gauez eta egunez, harria egosi bitarte. Gero, sua itzali eta pare bat egunez hozten uzten zuten karobia. Orduan kare bizia ateratzeko moduan geratzen zen» azal-tzen zuen kultur elkarteko kideak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos