Iraileko azoka heltzear da Asteasura

Azoka eguna Asteasun / Arratibel

Irailaren 24an, igandez egingo da, eta ganadu erakusketaz gain, artisau, janari ekoizle eta musikariak ere bertaratuko dira herrira

DVDonostia

Urteko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da Asteasun iraileko azoka. Irailaren 24an, igandez egingo da, ohikoa den moduan, udazken hasieran. Azokan, Asteasuko baserrietako ganaduen erakusketaz gain, Euskal Herriko hainbat artisau, janari-ekoizle eta arlo askotako eskulangile egongo dira.

Egitarauan dagoeneko ezinbesteko bihurtu den arroz-esne lehiaketa ere egingo da. Oro har, herritarrek hartzen dute parte, baina nahi duenak eman dezake izena. Horretarako, arroz-esnea frontoian aurkeztu behar da, goizeko 11:00ak baino lehen. Eguerdian, epaimahaiak aukeratutako lehen hiru partaideak sarituko dira.

Berrikuntza gisa, arratsaldeko musika eta dantza-saioa dago. Hasteko, Asteasuko trikitixa-ikasleek emanaldia egingo dute, eta segidan Ttipika taldeak dantzaldi gidatua egingo du, animatzen den oro dantzan jartzeko.

Laburbilduz, honakoa izango da egitaraua:

10:00etan hasiko da Azoka, ganadu erakusketa irekitzearekin batera. Ondoren, 11:00ak aldera, txekor-erre pintxoak eta taloak jateko aukera izango da. Hamabietan arroz-esne lehiaketaren sari-banaketa egingo dute eta 12:30etan esne-behien erakustaldia izango da. 18:00etan Asteasuko trikitilaren txanda izango da, eta ondoren, dantzaldi gidatua Ttipika taldearekin.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos