Intxurrekoen partidak ikusgai gaur arratsaldean Elorri pilotalekuan

GOIKOEXTEA ALEGIA.

Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldiari dagozkion partidak jokatuko dituzte Intxurreko pilotariek gaur, ostiralarekin, arratsaldeko 18:30ean Alegiako Elorri pilotalekuan. Lehenengo biak gomazko paletan jokatzen duten neskenak izango dira: jubenilen lehen mailan ataundarrak izango dira Intxurrekoen aurkariak eta nagusien bigarrenean Hernani izango dute aurrez aurre.

Jaialdiko beste bi neurketak eskuz binakako modalitatekoak izango dira, mutilenak. Kadeteen lehen mailako partida izango da bata, nagusien hirugarren mailakoa bestea; eta bietan Oiarpe izango dute aurkari Intxurrekoek.

Hitzaldia ostegunean

Etxeko lanetan edo zaintzan aritu nahi duten herritarrek edo lan horiek egingo dituen pertsonaren bila dabiltzanek hitzordu interesgarria dute hilaren 28an 18:00etan Inaxio Begiristain kultur etxean, Etxeko Lan egitasmoaren arduradunek hitzaldia eskainiko baitute. Etxeko edo zaintza lanetan aritzeko interesa duten herritarrei esparru horretan sartzeko argibideak emango dizkiete eta, aldi berean, lan horiek egiteko jende bila dabiltzanei zein pauso eman behar dituzten azalduko diete.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos