Intxurreko pilotarien partidak gaur, bihar eta etzi Elorri pilotalekuan

Hainbat partida jokatuko dira egun hauetan Elorrin./
Hainbat partida jokatuko dira egun hauetan Elorrin.

Gaur Intxurreko pilotariak Azkoitiakoen eta Soraluzekoen aurka arituko dira, 19:00etatik aurrera

GOIKOETXEA ALEGIA.

Intxurreko pilotariek Udaberri txapelketako bigarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte datozen egunetan: horietako batzuk Alegiako Elorri pilotalekuan jokatuko dira gaur, bihar eta etzi.

Gaur 19:00etan hasiko den jaialdian Intxurreko pilotariak Azkoitiakoen eta Soraluzekoen aurka ariko dira, eskuz binaka nagusien lehen mailan. Biharkoari 18:30ean emango zaio hasiera, eta lau partidez osatutako jaialdia izango dute aurretik pilotazaleek. Lehenengo bietan, infantilen mailan, Hernani eta Añorga izango dira Intxurrekoen aurkariak. Horien ostean Udaberri txapelketako nagusien bigarren mailako bi neurketa izango dira ikusgai: etxekoak Gaztelekuren aurka ariko dira batean eta Gure Txerukoen aurka, bestean.

Azkenik, etzi, larunbatarekin, 15:30ean hasiko da Elorri pilotalekuko jaialdia. Lehen hiru partidak emakumezkoen jubenilen mailakoak izango dira, gomazko paletako modalitatekoak: lehenengoan Intxurreko bi bikote elkarren aurka ariko dira; bigarrenean Ataun izango dute aurkari etxekoek; eta hirugarrenean, Aia. Azkenik, eskuz binaka kadeteen bigarren mailan, Intxurrek Behar Zanaren aurka jokatuko du.

Lehen jardunaldiari dagokionean, jokatutako zazpi partidetatik lau irabaztea lortu zuten Intxurrekoek pasa den astean. Eskuz, lehen mailako nagusiek eta kadeteek eta bigarren mailako nagusiek garaipena lortu zuten. Gomazko paletan, berriz, emakumezko jubeniletan Intxurreko bi bikoteren arteko lehia izan genuen eta Ormaetxeak eta Zhangek 30-14 irabazi zieten Iturriotzi eta Belokiri.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos