Intxurreko pilotariak Udaberri txapelketa jokatzen hasiko dira bihar herrian

GOIKOETXEA ALEGIA.

Urte berriarekin batera txapelketa berria jokatzen hasiko dira Intxurreko pilotariak. Udaberri txapelketako lehen ligaxka hastear da, eta Intxurrek guztira hamar bikote izango ditu lehian. Horietatik sei gizonezkoek osatuak izango dira eta eskuz binaka ariko dira: kadeteetan, lehen eta bigarren mailan bikote bana ariko da eta nagusietan, bina bikote izango dira maila bakoitzean. Beste lau bikoteak emakumezkoen jubenilen mailakoak izango dira eta gomazko paletan ariko dira. Laurak multzo berean egokitu dira.

Gauzak horrela, bihar, 19:00etan hasita lau partidaz osaturiko jaialdia ikusi ahal izango da Alegiako Elorri pilotalekuan. Lehen bi neurketak alebinen mailakoak izango dira: Intxurreko bi bikote Oiarpeko eta Azkoitiko pilotarien aurka ariko dira. Beste bi partidak Udaberri txapelketakoak izango dira: eskuz binaka kadeteen lehen mailan, Lazkaoko bikotearen aurka ariko dira Intxurrekoak; eta gomazko paletan, emakumezko jubeniletan, Intxurreko bi bikoteren arteko partida jokatuko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos