Intxurreko kadeteak Kopan bigarren jarri dira Lazkaori irabazi ostean

Infantilek amaitu dute lehen ligaxka eta orain Kopa eta Txapeldunen fasea jokatuko dituzte

GOIKOETXEA ALEGIA.

Intxurreko kadeteen mailako futbolariek Kopako multzoko bigarren postuan jartzea lortu dute asteburuan. Lazkaoren aurka 13-0 irabazi dute alegiarrek eta zazpi puntu dituzte sailkapenean. Asteburuan atsedena izango dute. Jubenilen mailako mutilek igoera faseko lehen porrota jaso dute pasa berri den bosgarren jardunaldi honetan: Santo Tomas Lizeoak 1-2 irabazi zuen Alegian eta Intxurrekoak bigarren dira sailkapenean hamabi punturekin. Bederatzigarren dagoen Lagun Onaken zelaian jokatuko dute asteburuan. Maila bereko neskek 0-1 galdu zuten Urolaren aurka. Beste aste batez lehen puntuak lortu ezinda jarraitzen dute eta asteburuan ez dute partidarik izango.

Infantiletan, amaitu da lehen fasea Aralar Intxurreko hiru taldeentzat. Neskek seigarren amaitu dute hamar punturekin. Azken partidan 4-2 irabazi zioten Danenari eta orain Kopa jokatzen hasiko dira. Txapelketa bera jokatuko dute Aralar Intxurre B taldeko mutilek, lehen fasea bosgarren amaitu baitute hamabi punturekin Tolosan 1-0 galduta. Maila bereko beste taldeak, berriz, Txapeldunen fasea jokatuko du. Idiazabalen 1-2 irabazi zuten eta bigarren postuan amaitu dute ligaxka hogeita zazpi punturekin.

Intxurrekoak, larunbatean

Asteburuan Intxurreko hainbat bikotek atsedena izango dute, baina izango da lehiatuko denik ere. Larunbat arratsaldean alebin eta infantil mailako mutikoen eskuz binakako lau partida jokatuko dira Alegiako Elorri pilotalekuan, 16:00etan hasita. Alebinen mailako Intxurre eta Ilunperen artekoak zabalduko du jaialdia. Ondoren, infantilen mailako bi neurketa izango dira ikusgai: Tolosa eta Hernaniko pilotariak izango dituzte aurkari etxekoek. Azkenik, berriz ere alebinetan, Intxurre Hernaniren aurka ariko da.

Uraren erreziboak

Gipuzkoako Urakek otsailaren 20ko datarekin bidali dizkie Alegiako bezeroei 2017ko laugarren hiruhilekoko ura, arazketa eta finantzaketa planeko erreziboak, eta martxoaren 7ra arteko epea izango dute borondatez ordaintzeko. Erreklamazioren bat egin nahi izanez gero, ohiko bideak eskura dituzte bezeroek: Gipuzkoako Uraken bulegoak, 902302222 eta 943318602 telefono zenbakiak eta www.gipuzkoakour.com atari digitala.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos