Intxurreko jubenil mutilek lidergoan jarraitzen dute Idiazabali irabazi ostean

Jubenil mutilek Ordiziaren aurka jokatuko dute hurrengo neurketa. / RENOBALES
Jubenil mutilek Ordiziaren aurka jokatuko dute hurrengo neurketa. / RENOBALES

Aralar Intxurreko mutilen bi taldeek ere garaipena lortu dute asteburuko partidetan

GOIKOETXEA ALEGIA.

Intxurreko jubenilen lehen mailako gizonezkoen taldeak multzoko lehen postuan jarraitzen du. Idiazabalen aurka 3-2 irabazi zuten larunbatean eta lidergoa sendotu dute. Hurrengo neurketa seigarren dagoen Ordiziaren zelaian jokatuko dute. Maila bereko neskek 6-0 galdu zuten Hernanin. Sailkapenean apur bat behera egin eta bosgarren daude beraien aurretik dagoen Goierri Goierriren aurka etxean jokatu aurretik.

Erregionalek bina berdindu zuten Danenaren zelaian. Puntu hori batuta hamalau dituzte une honetan eta laugarren postuan daude. Zazpigarren dagoen Euskaldunaren aurka jokatuko dute asteburuan etxean. Kadeteek, berriz, 4-0 galdu zuten Ostadarren aurka Lasarten. Hamaika puntu dituzte eta seigarren postuan daude. Asteburuan azken postuan dagoen Tolosaren bisita jasoko dute eta hiru puntu batzeko aukera ona izango dute.

Azkenik, infantiletan, Aralar Intxurreko mutilen bi taldeek irabazi egin dituzte euren partidak. Aralar Intxurre B taldeak 5-3 irabazi zion Tolosari eta bosgarren postuan jarri dira bederatzi punturekin, hirugarren dagoen Urnietaren aurka jokatu aurretik. Maila bereko beste taldeak 6-1 irabazi zion Idiazabali eta hauek bigarren postuan jarri dira hamabi punturekin. Zazpigarren dagoen Beasainen zelaian ariko dira asteburuan.

Neskei dagokienean, 2 eta 1 galdu zuten Danenaren zelaian. Zazpigarren jarraitzen dute hiru punturekin eta asteburuan atsedena izango dute.

Argazki Rallya abenduan

Alegiako Argazkizaleen Taldeak antolatuta, Alegiako II. Argazki Rallya egingo da datorren igandean, abenduak 3 dituela. Aurten hiru maila ezberdinetan ariko dira parte-hartzaileak: umeen mailan Haur Hez-kuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrek hartu ahal izango dute parte; gazteen mailan DBHn dauden 12 eta 16 urte bitarteko gazteak sartuko dira; eta hortik gorakoak helduen mailan ariko dira. Parte hartu nahi dutenek abenduaren 3an bertan eman beharko dute izena 9:00etatik 10:00etara plazan, eta saioa 12:30-13:00 bitartean amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Sariei dagokienean, maila bakoitzeko argazki eta bilduma onenek saria izango dute, eta aurkezten diren lan guztien artean sari berezi bat banatuko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos