Intxurreko jubenil gizonekoen taldea liderrarekin berdinduta dago Billabonari irabazi ostean

GOIKOETXEA ALEGIA.

Intxurreko jubenilen lehen mailako gizonezkoen taldeak 4-2 irabazi dio Billabonari pasa berri den asteburuan, eta garaipen horrekin sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira, liderrarekin berdinduta. Hain zuzen ere, beraien aurretik dagoen Beasainen aurka jokatuko dute asteburuan etxean bigarren itzuliko lehen partida. Infantilen mailako mutilen Aralar Intxurre A taldea izan da asteburuan garaipena lortu duen beste taldea: alegiarrek 5-0 hartu zuten mendean zuten Tolosa, eta hirugarrenak dira sei punturekin. Hurrengo neurketa Ordizian jokatuko dute; sailkapenean euren atzetik dira goierritarrak.

Txanponaren beste aldeari begira jarrita, jubenilen mailako emakumezkoen taldeak 0-1 galdu zuen Tolosaren aurka. Datorren asteburuan Euskaldunaren zelaian jokatuz amaituko dute lehen itzulia, eta une honetan laugarrenak dira sailkapenean bederatzi punturekin. Kadeteen mailako taldeak 3-2 galdu zuen Danenaren zelaian eta zazpigarren postuan daude bost punturekin. Sailkapenean bigarren den Realaren zelaian emango diote hasiera bigarren itzuliari. Infantilen mailako neskek 0-2 galdu zuten Urnietaren aurka, eta punturik bildu gabe jarraitzen dute. Ostadarren zelaian jokatuko dute datorren asteburuko partida.

Azkenik, erregionalek eta Aralar Intxurre Bk atsedena izan dute igaro berri den jardunaldian. Erregionalek Segura Goierriren zelaian jokatuko dute asteburuan bigarren itzuliko lehen partida eta infantilek Danenari egingo diote bisita.

Fotos

Vídeos