Intsustiko iturria, guztiz maitatua

Plaka berria jarriko dute larunbatean iturrian./
Plaka berria jarriko dute larunbatean iturrian.

Ataundarrek ekitaldia antolatu dute bertan larunbaterako. Egun berean, bestalde, Ondarrera bisita gidatua antolatu du Lizarrustiko Parketxeak

Aukera bat baino gehiago proposatzen dute larunbaterako Ataun inguruan. Batetik, Atauniker taldeak ibilaldia antolatu du larunbat honetarako, urriak 7, Intsustiko iturrira, nobedadeak baitaude Aralarko sarreretako bat paraje honetako iturriaren inguruan. Bestetik Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko bisita antolatu du Lizarruztiko Parketxeak

Intsustiko iturriaren 50. urteurrena ospatzea da aurreneko txangoaren xedea. Larunbateko ekitaldian, hura egin zutenak eta auzo-lanean jardundakoak gogoratu nahi dituzte. Bide batez, Lazkao-Txikiren bertsoa zekarren lehengo plaka kendu eta berri bat ipiniko dute, aurrekoak akatsa zeukan eta. Horrekin batera, garai bateko argazkien erakusketa ere izango da, eta jendeari ekatu zaio etxean dituenak eraman ditzala. Bilkura eguerdiko 12etan egin nahi dute, iturri ondoan.

Garai batean, Ataun, Lazkao eta Zaldibiako herriek elkarrekin kudeatzen zuten Intsusti deituriko mendialde hau, ur-larre nahiz basoa, bilkurak Amundarain baserrian eginez.

Intsustiko iturria Ataungo Aitzarte edo domoaren sarreretako bat da. Mendizale eta artzainek ondo asko estimatua; Aralegiko zelaitik hurbil eta Arastortz eta Agautz mendien artean dago. Aralar bidean egonik, Andurio, Errekabeltz, Enirio, Akaitz eta Igaratza aldera joateko egokia.

Lizarrustitik Ondarrera

Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Parketxe Sarea, Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzera batzen da. Aurtengoan 'Paisaia' izango dugu hizpide eta Aralarko 'paisaia kultural' bezala ezagutzen duguna nola eratu den ezagutzera emango da.

Horretarako, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak ibilaldi gidatua antolatu du urrairen 7rako (larunbatarekin) Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko. Ondarreko harantxoa Aralarko Natur Parkean dago, Lizarrustiko Parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Bidea erraza bezain ederra da.

Gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna aurkitu diren tokiak eta are gutxiago gaurdaino hain ondo gorde dituzten lekuak. Hain zuzen, ikerketa lanak ez dira oraindik bukatu eta ezin bazter daiteke oraindik aztarna gehiago topatzea.

Aralarren aurkituriko giza aztarna zaharrenak (Neandertalek egindako tresnak) Ondarren aurkitu ziren eta baita Aralarko cromlech bakanetako bat ere. Hura induskatutako Joxean Mujika adituaren eskutik entzungo ditugu azalpenak.

Irteera gidaturako abiapuntua 9:30etan izango da Lizarrustiko Parketxetik. Itzulera ordua 14:30etarako aurreikusten da. Adin guztietako bisitariei dago zuzendua txangoa (12 urtetik beherakoentzat luzea gerta liteke ibilaldia). Azalpenak euskaraz emango dira. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net / 943 180 335 / 688 895 069.

 

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos