San Inazio eguna ospatu zen atzo Altzon

Ederki egin zuten dantza Oxabi taldearekin./
Ederki egin zuten dantza Oxabi taldearekin.

YARZA ALTZO.

Herriko zaindariaren eguna izan zuten atzokoa Altzoko jaietan, ekitaldi ugarirekin ospatu zena. Gauerdian Saninazio martxa jo eta dantzatu zen, Oxabi taldearen kon-tzertuaren aurretik. Arratsaldean herritarrek dantza-soka eskaini zuten, lehengo urtean berreskuratutako ohitura berrituz. Gainera, helduentzako toka txapelketa antolatu zen. Herritar ugarik parte hartu zuten eta, berdinketa haustearen lehia ondoren, Joseba izan zen garaile.

Atzo goizean haurrentzako toka txapelketa antolatu zen eta ondoren gazteen arteko jokoak antolatu ziren. Aurten Joseba Otaegi eta Mikel Larrañaga aizkolarien eta Mikel Lopategi 'Urra' eta Aimar Irigoyen harri-jasotzaileen laguntza izan zuten. Bi taldeetan banatuta proba ezberdinak osatu behar izan zituzten: aizkoran, harriak jasotzen, kixki biltzen, txingak eramaten, estraperloan, goxokiak irin artean bilatu, dardoekin globoak puskatu eta, nola ez, Chiquilin gailetak ura edan gabe jan. Garaipenetan berdinduak amaitu zuten dema eta soka-tiran egin zuten berdinketa hausteko. Bi tiraldiren ostean talde urdina zen garaile. Herritar eta bisitariz bete zen plaza, guztiek ederki pasa zuten gazteak animatzen.

Gaurko egitaraua

Altzoko San Inazio jaiak gaur, abuztuaren 1ean, amaituko dira. Goizeko 11:00etan haurrentzako jolasak antolatu dira. Amaieran parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa eskainiko da.

Arratsaldean, 16:00etan Elordi elkarteak antolatutako mus txapelketa hasiko da. Izena emateak 15:30ean irekiko dira. Gainera, haurrentzako puzgarriak egongo dira. 18:00etan Frontoi Zaharberrituko Pelota Txapelketako Finalak jokatuko dira eta ondoren zahagi ardoa izango da plazan nahi dutenentzat. Afalondoren, 22:30etan Artea eta Alurr dantza taldeek emanaldia eskainiko dute jaiei amaiera emateko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos