Ilusioa eta magia euriaren aurretik

Anoeta. Meltxor, Gaspar eta Baltasar oinez iritsi ziren Basagain menditik.
/NÚÑEZ
Anoeta. Meltxor, Gaspar eta Baltasar oinez iritsi ziren Basagain menditik. / NÚÑEZ

Alegian soilik aldatu zuten ohiko ibilbidea Hiru Erregeak menditik iritsi ziren Tolosaldeko herri askotara. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek txikienen irribarre ederrena ateratzea lortu zuten

NÚÑEZ-GOIKOETXEA TOLOSALDEA.

Inor ez zen euriaz gogoratu atzokoa Tolosaldean. Arratsalde partean protagonismoa ez zen eguraldiarentzat. Hilaren 5ean Ekialde Urrunetik iristen diren Hiru Erregeak dira begirada eta txalo guztiak jasotzen dituztenak. Horrela izan zen atzokoan ere eskualdeko hainbat herrietan.

Anoetako haurrek eta gaztetxoek esaterako Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen bisita jaso zuten atzo iluntzean. Basagain menditik jaitsi ziren herriko gazteen suziriek bidea argituta eta txistulariekin kalejiran. San Juan kalean eman zieten ongi etorria herritarrek eta ondoren denak frontoira joan ziren. Bertan, haurrek azken eskariak egiteko eta gutunak emateko aukera izan zuten eta Erregeek goxokiak banatu zizkieten guztiei

Hiru Erregeak Irurako haurrekin ere izan ziren atzo iluntzean. Eguraldi txarragatik ibilbidea aldatu eta Eguzki Txokotik atera baziren ere karrozarekin kalejiran, haur eta gaztetxo ugarik eman zieten ongi etorria. Ondoren, ohitura den bezala Errege Magoek opariak banatu zituzten haurrentzako frontoian.

Atzo arratsaldean ere Meltxor, Gaspar eta Baltasar Berrobiko haurrekin izan ziren. Menditik jaitsi ziren zaldian herriko gaztetxoek suziriekin argitzen zituztela. Herritarrek eskolako estalpean itxaron zieten. Bertan zegoen ere Jaio-tza Biziduna, iritsi bezain laster agurtu zutena. Haurrak beraiekin argazkiak ateratzeko aukera izan zuten bidearekin jarraitu baina lehen. Hala ere, pajeak Berrobin gelditu ziren haurrei Erregeek utzitako opariak banatzeko.

Ohitura den bezala Hiru Erregeak gaueko opariak banatu aurretik Bidania-Goiaztik igaro ziren. Hernio aldetik iritsi ziren herrira zaldi gainean pajeek lagunduta, eta kalejira egin ondoren frontoira joan ziren Jaiotza Biziduna agurtzera. Jesus haurtxoari opariak eskaini ondoren, berriro bere bidearekin jarraitu zuten. Frontoiak ospakizunak jarraitu zuen animalien erakusketarekin eta talo dastaketarekin.

Lizartzako haurrek atzo arratsaldean hiru protagonista nagusiekin egoteko aukera izan zuten. Menditik iritsi ziren eta kalejira egin ondoren, haurrekin hitz egin zuten. Azken eskariak entzun eta goxokiak banatu zituzten haurren-tzako beren bidearekin jarraitu aurretik.

Azkenik, eguraldi iragarpen kaxkarrak eraginda, Errege Magoek Alegian egin ohi duten ibilbidea bertan behera utzi zuten atzokoan, eta 18:30ean herriko plazara etorri ziren zuzenean. Bertan zeudenak agurtu ostean, udaletxeko balkoitik hitz egin zieten herritarrei, eta jarraian udaletxean bertan egin zieten harrera zain zituzten haur guztiei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos