Gau ibilaldi mitologikoaren edizio berri bat hilaren 15ean

«Herribide zaharrean ibiliko gara, egunetik gauera, kontu eta ipuin, jentil eta sorgin, mundu harrigarria lagun!», diote antolatzaileek Garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan ibiliko dira parte-hartzaileak, Ataunen bihotzean

DV ATAUN.

Hasiera-hasieratik lagun izan duen arrakastari eutsita, aurtengoan ere euren proposamen magikoarekin datoz Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkartea eta Gipuzkoako Parketxe Sarea. 'Gau ibilaldi magikoa' deritzon esperien-tzia bere seigarren ediziora iritsi da eta datorren larunbat iluntze-gauean egingo da.

"Garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko gara Ataunen bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan", diote antolatzaileek.

Barandiaran Museotik abiatuta, Errotatxo zerrategi eta errota zaharra, Sara etxea (Barandiaranen bizilekua), Perune-zaharra baserria (Barandiaranen sortetxea) eta beste leku batzuk ikusiko dituzte antolatzaileek eta jentilek egin omen zuten San Martin elizaren aurrean amaituko dute ibilaldia. "Garai bateko istorio eta ipuin miresgarriak ikusi eta entzungo ditugu bertatik-bertara", azpimarratzen dute.

Hala, zazpi antzezpen egingo dira leku desberdinetan: 'Joxe Arratibelen ipuinak!', 'Barandiaran gure arima!', 'Erremedioko bainuetxean!', 'Zegamarrak eta Ataundarrak tekelan!', 'Marixor eta sorgiñek!', 'Izugarrin ipuie!' eta 'Bukaera!'.

Baina, horrez gain, sorpresaz besteriko ibilaldian euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango dituzte bide-lagun parte-hartzaileek, hala nola, lamiak, jentil erraldoiak, Torto eta Samartin Txiki, Mateo Txistu apaiz-ehiztaria eta sorginak, eta ustekabean agertuko diren beste hainbat izaki harrigarri.

Pertsona helduek, gazteek eta haurrek lasai asko egiteko moduko bidea dela azpimarratzen dute antolatzaileek, hiru ordu inguru, Agauntza errekaren ondotik doan herribide-zaharrean zehar. Parte-hartzea dohainik da eta hasiera eta amaieran jatekoak eta edatekoak izango dira.

Ibilaldia egun-argitan hasiko dute baina erdi aldera erabat ilunduko du eta gauez egingo dute azken zatia. Ibilaldian zehar antortxak eta kandelak banatuko dira.

Txangoa 20:30ean hasiko bada ere, aurretik izango da zer egiterik. Izan ere, 19:00etatik 20:30era Barandiaran Museoa zabalik izango da eta errota eta errotatxora bisita gidatuak eskainiko dira.

Etortzen den jendetza eta ibilbidea estua dela kontutan hartuz, ibilaldia bi txandatan antolatu daitekeela aurreikusten dute antolatzaileek. Kasu horretan, bigarren taldea 21:00etan aterako litzateke.

Kontuan izan behar da, dena dela, 19:00etan autobusa jarriko dela San Martingo plazatik San Gregorioko auzora, doan. Horrez gain, ibilaldia amaitzean, autoa San Gregorion utzi duenari, autoaren bila joateko aukera ere emango zaio.

Irteeran parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar. Informazio gehiago www.jentilentorrera.eus helbidean.

Temas

Ataun

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos