Hondakinen kudeaketan organikoaren eta pixoihalen bilketa hobetuko da

Udal taldeko zinegotziak atzoko agerraldian. /  A.E.
Udal taldeko zinegotziak atzoko agerraldian. / A.E.

ANDONI ETXEBERRIA SEGURA.

Udalak atzo eman zituen jakitera hondakinen bilketan ezarriko diren hobekuntzak. Atez atekoaren bidez jarraituko da hondakinak biltzen, baina organikoaren eta pixoihalen bilketa egunero egiteko aukera jarriko da. Helburu horrekin, bost edukiontzi marroi eta beste bost edukiontzi gris ezarriko dira herriko zenbait lekutan. Edukiontzi marroia erabiltzeko poltsak eskuratzeko txartelak balioko du. Pixoihalentzako edukiontzi grisa erabili nahi duenak udaletxean egin beharko du eskaria. Aldaketa hauek urtarriletik aurrera ezartzeko asmoa du Udalak.

Beste hobekuntza bat San Joan Egoitzako hondakinen bilketa sistemaren berrantolaketa izango da, bilketa puntua egoitzak bakarrik erabiltzeko helburuarekin. Hirugarren hobekuntza hiri hondakinen gai organikoaren bilketa eta tratamenduaren ezarpena da. Zerbitzu honen eskaintzak prozesu luzeago eramango du eta beranduago ezarriko da.

Udal taldeko zinegotziek atzoko ekitaldian azaldu zutenez, «hondakinen gaian adostasuna lortu asmoz burutu dugun ekimena herritarren parte-hartze prozesu bat izan da. Azterketa fasean herriko hondakinen kalitatearen eta kudeaketaren diagnosia egin dugu. Azalpen fasean herritarren ekarpenak jaso ditugu, gero hauek aztertu eta ebaluatzeko. Erabakitze fasean hondakinen kudeaketarako hobekuntzak osatu ditugu».

Agerraldia amaitzeko herritarrak zoriondu zituzten, «izan duten parte hartzeagatik eta gai arantzatsu honi buruz naturaltasunez hitz egiteagatik eta ekarpenak egiteagatik. Oso positiboki baloratu dugu burututako prozesua, parte hartu duten herritar kopurua handia izan delako eta jasotako ekarpenak ere ugariak izan direlako. Baina batez ere hondakinen gaia zatitzeko erabili beharrean, prozesuak hobetzeko eta eraikitzeko balio izan duelako».

Fotos

Vídeos