Hondakinak egoki sailkatzea gogorarazten die Alkizako Udalak herritarrei

Azkenaldian hainbat herritarrek hondakin mota guztiak nahastutak botatzen dituztela konturatu da Udala

NÚÑEZ ALKIZA.

Alkizako Udalak herritarrei gogorarazten die sortzen dituzten hondakinak behar bezala sailkatu behar dituztela, bakoitza dagokion ontzira botaz. Izan ere, azkenaldian hainbat herritarrek hondakin mota guztiak nahastutak botatzen dituztela konturatu da udala, errefusaren ontziak azkar betetzen direlarik eta, behin betetakoan, poltsak edukiontzien kanpoan uzten dituzte.

«Mankomunitateak eta zerbitzu publikoak, dagokion ontzian edo lekuan dagoena jasotzeko ardura du, ez ordea kanpoan utzitakoak», adierazten dute Udalak herritarrei bidali zaien bandoan. Horrela, aholkatzen dute hondakinak «sailkatu eta bakoitza bere lekuan bota; ontziak beteak badaude ez utzi ezer lurrean herriko beste puntu bateko edukiontzietan bota edo hustu arte itxaron; eta ontzietan ez doan zerbait bada ez utzi lurrean, dagokion lekura eraman».

Tasa igoera

Egiten den erabilera okerrarengatik aurtengo zaborraren tasa igo egin da

Herritarrek zabor bilketa zerbitzuaz egiten duten erabilera oker horrengatik aurtengo zaborraren tasa igo egin da duela hiru urteko kopurura iritsi arte.

«Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak (GHK) garestitu egin du zabortegian botatzen den hondakinaren kostua eta ondorioz Tolosaldeako Mankomunitateak Alkizari kobratzen diona igo egin da. Alkizan aspaldi hartu genuen ildoari jarraituz, gastu hori herritarren artean banatzen da, udal aurrekontuetan hondakinengatik defizitik sortu gabe», azaltzen du Udalak.

Honez gain «herrian ez dugu murriztu sortzen dugun errefusa. Gehiago birziklatzea arduratsu jokatu eta gauzak ondo egiteko modua izateaz gain, aurrezteko era bat ere bada. Gaizki egiten duten batzuengatik denek ordaintzen dugu», diote.

Fotos

Vídeos