Hilaren 18a arte jaietako kartel eta logotipoak aurkezteko epea zabalik

Izena emateko epea hilaren 14ean zabalduko da eta 30 euroko prezioa izango du

GOIKOETXEA ALEGIA.

Alegiako Festa batzordea hasi da uztaileko jaiei begirako prestaketa lanetan. Azken urteetan egin den moduan, aurten ere kartel eta logotipo lehiaketa antolatu da eta bertan lanak aurkezteko epea zabalik da. Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 18a, ostirala, izango dute lanak Alegiako kultur etxean aurkezteko azken eguna. 12 urtetik gorako eta Alegiaren loturaren bat duen edonork hartu dezake parte lehiaketan. Kartelek A3 tamaina izango dute eta logotipoek 21x21 zentimetrokoa. Eskuz egindako lanak zein digitalki eginak aurkeztu daitezke eta azken horiek gutxienez 300 ppiko bereizmena izan beharko dute eta JPG formatuan aurkeztu beharko dira.

Lan guztiek 'Alegiako festak 2018' testua izan beharko dute derrigorrean eta baita jaien ezaugarri, irudi edo lemaren bat ere. Koloretan aurkeztu beharko dira eta pertsona bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Aurkezterakoan, gutun azal batean egilearen datuak sartu beharko dira eta gutun azal horren kanpoan eta lanaren atzean, egilearen goitizena eta kartelen edo logotipoen atalean aurkezten den zehaztu beharko da.

Maila bakoitzeko irabazleak 150 euroko saria izango du eta lan irabazle horiek Udalaren esku geratuko dira, jaien egitarauko azalean eta kamisetetan jartzeko. Aurkezten diren lanekin erakusketa bat egiteko aukera gordetzen du antolakuntzak eta erakusketa amaitu eta 15 eguneko epean lanen egileak ez badira bila pasatzen, uko egiten zaiela interpretatuko da. Informazio gehiagorako Alegiako kultur etxera joan edo deitu daiteke.

Herri Urratsera autobusa

Maiatzaren 13an Senperen izango den Herri Urrats festara joateko autobusa antolatu da. Bertan izan nahi dutenek kultur etxean eman beharko dute izena eta maiatzaren 10a izango da horretarako azken eguna. Autobusa goizeko 9:30ean abiatuko da Bideberrietako autobus geralekutik eta itzulerakoa 19:00etan izango da Senperen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos