Hilaren 20ra arte zabalik dago San Silbestre kroserako izena emateko epea Alegian

Aurten beteranoen kategoria ere sartu dute antolatzaileek, 45 urtetik gorakoena alegia, eta horiek ere hiru itzuliak egin beharko dituzte

GOIKOETXEA ALEGIA.

Abenduaren 31n jokatuko den Alegiako VIII. San Silbestre krosak hainbat berrikuntza izango ditu: nagusiena, ibilbidearekin loturikoa. Orain arte, lasterketa nagusian korrikalariek bi itzuli ematen zizkioten zirkuituari.

Aurten, ibilbide horrek aldaketa nagusi bat izango du: Kalegoratik bueltan Zubi Zaharra igaro ostean, Larraitz auzorako bidea hartuko du lasterketak eta eskolaren parean eskuinera joko du baina ez Etxe Txuri aldera, Larraitz auzoko 4A eta 4B zenbakiak dauden kaletik baizik. Bertatik metro batzuk egin eta ezkerrera joko dute korrikalariek, Larraitz 16 zenbakidun eraikinaren aurretik pasa eta berriz ezkerrera eginda San Juan kaleranzko bidea hartzeko. Hortik aurrera ohiko bidearekin jarraituko dute.

Aldaketa horrek zirkuituari metro batzuk kendu dizkionez, helduen lasterketan parte hartzen dutenek hiru itzuli eman beharko dizkiote ibilbideari, guztira 4.380 metro osatuz. Aurten beteranoen kategoria ere sartu dute antolatzaileek, 45 urtetik gorakoena alegia, eta horiek ere hiru itzuliak egin beharko dituzte. Proba berean ariko diren infantilek eta kadeteek, berriz, bi itzulirekin amaituko dute lasterketa, 2.920 metro osatuz. Aurrebenjaminek, benjaminek eta alebinek ohiko lasterketa egingo dute: plazatik Kalegorara, ibai ondoko paseoan barrena Kalebeherara, eta San Juan kaletik berriz plazara.

Izena eman nahi dutenek zabalik dute horretarako epea abenduaren 20ra arte kultur etxean: kamiseta bat jasoko dute opari hilaren 20a baino lehen izena ematen dutenek. Izen-ematea azken unerako utzi nahi dutenek lasterketaren egunean bertan izango dute horretarako aukera, 14:30etik 15:30era udaletxeko sarreran. Antolakuntzak garbi utzi nahi du 15:30etik aurrera ez dela izen-ematerik onartuko. Aldez aurretik zein egunean bertan izena ematen duten 16 urtetik gorako korrikalariek 6 euro ordaindu beharko dute.

Lasterketan jasotzen den dirua 2006az geroztik Ugandako haurrekin lanean ari den Mukwano-Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diote aurten. «Horrenbestez, lasterketan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, parte-hartze hutsak beharra dagoen lekuan laguntzea ahalbidetuko duelako», adierazi dute antolakuntza taldeko kideek. Ohi bezala, mozorro onenak saria izango du eta parte-hartzaile guztien artean opariak zozketatuko dituzte lasterketa amaitu eta berehala. Merienda ere eskainiko diete korrikalariei.

Finalerdia bihar

Intxurreko pilotariek Gipuzkoako txapelketako partida garrantzitsuak jokatuko dituzte datozen egunetan. Gomazko paletan, emakumezko jubenilen bigarren mailan, Intxurreko bikote batek finalerdia jokatuko Hernaniren aurka bihar, larunbatez, 19:00etan Hernanin. Lehen faseko ligaxka hirugarren postuan amaitu zuten Intxurrekoek eta bigarren geratu ziren hernaniarren aurka ariko dira. Partida hori irabazten duenak multzoko lehen postua lortu zuen Aiaren aurka jokatuko du finala.

Eskuz banaka, berriz, final laurdenak jokatuko dira asteburuan. Nagusietan, Irazustabarrenak 22-20 irabazi zion final zortzirenetan Orioko Lertxundiri eta Bergarako Muruaren aurka ariko da final laurdenetan. Final zortzirenak jokatu beharrik izan ez zuena, berriz, Artola izan zen.

Elolaren aurka jokatuko du gaur iluntzeko 20:00etan Elorri pilotalekuan. Hain zuzen ere, Elola izan zen Intxurreko Oiarbideren aurka final zortzirenetan aritu zena eta Intxurrekoak ezin izan zuen aurrera egin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos