Hilaren 17an hasiko dira Larraitz auzoko mendebaldea eraberritzeko lanak

GOIKOETXEA ALEGIA.

Herriko festak igaro ostean, hilaren 17an hasiko dira Larraitz auzoko mendebaldea eraberritzeko lanak. Auzoko bizilagunak beraiek izan dira auzoaren etorkizuna nolakoa izango den aukeratu dutenak. Udalak abian jarritako parte-hartze prozesuan auzoan nabari zituzten gabeziak nabarmendu eta etorkizunean auzoak izan behar duen itxurari buruz euren iritzia emateko aukera ere izan zuten. Udalak horiek guztiak bildu eta proiektuaren arduradun teknikoei helarazi zizkien. Bi proposamen diseinatu zituzten eta auzotarrek bozka bidez aparkalekuak lehenesten zituen aukera hobetsi zuten. Gauzak horrela, auzoaren eraberritze osoa egingo du Udalak. «Alde batetik, aparkalekuak berrantolatuko ditugu dagoen espazioa modurik eraginkorrenean aprobetxatzeko», adierazi dute udal arduradunek. Bestetik, irisgarritasunaren alorrean ere hobekuntzak egingo dituzte. «Lurzorua plataforma bakarrean jarriko da eta gaur egun dauden koska eta irisgarritasunarekin lotura duten bestelako oztopoak ezabatuko ditugu». Udalaren aurreikuspenen arabera lanek urtebete inguru iraungo dute.

Fotos

Vídeos