Herritarren elkarte berri bat sortze bidean Iruran

Oruesagasti, Bidaurreta, Mendizabal eta Murua Aitor Mendizabali egingo zaion omenaldiko kartelarekin. /  NÚÑEZ
Oruesagasti, Bidaurreta, Mendizabal eta Murua Aitor Mendizabali egingo zaion omenaldiko kartelarekin. / NÚÑEZ

NÚÑEZ IRURA.

Irurako herria dinamiza-tzeko helburuarekin herritar talde batek bizilagun elkarte berri bat sor-tzeko bidea hasi du azken hilabeteetan. «Hasieran gure arten hitz eginez hasi ginen, herrian zeuden beharren inguruan, eta gero bilerak egiten hasi ginen», gogoratzen dute oraingoz talde motorra osatzen duten kideek. Zortzi herritar daude talde horretan, Nerea Bidaurreta, Goizargi Oruesagasti, Gorka Murua, Garbiñe Mendizabal, Edurne Ayuso, Jon Bordagarai, Ainara Mujika eta Leire Etxarri, baina hirurogeitik gora herritarrek parte hartu dute orain arte antolatu diren bileratan.

Elkartea oraindik ofizialki sortu ez bada ere, beren helburua eta datozen bizpahiru urteetarako erronkak finkatuak dituzte jada: «herriko giroa aktibatzea, herritar guztien partaidetza sustatuz», eta euskaran, aniztasunean, ingurumenean, transmisioan, elkartasunean, berdintasunean, eta beste hainbat baloretan oinarritua. «Lehenengo herrian zeuden beharrei buruzko diagnostikoa egin genuen: giroa, komertzioa, baita Irurak dauzkan indarguneena ere. Adibidez, haur eta gazte asko dauden herria da. Hala ere, ikasleak hamabi urtetik aurrera Anoetara doaz ikastera eta askok han egiten dute lagun taldea gero. Herria ere asko hazi da eta kanpotik etorritako askok agian ez dute Irura beren herria bezala ikusten, eta horregatik herritarren arteko harremana sustatu nahi dugu. Eta ez dugu nahi herriko helduez ahaztu nahi, belaunaldien arteko transmisio hori egiteko», azaltzen dute.

Hori dela eta, herriko giroa berreskuratzeko bidean hainbat ekitaldi antolatu nahi dituzte herriko eragileekin elkarlanean. Jada Ikastolarekin, Zaharren Biltokiko jubilatuekin, udalarekin, gazteekin, eta abar ere hitz egin dute, etorkizunari begira gauzak antolatzeko.

Horietan lehenengoa bihar larunbata, Aitor Mendiluzeri egingo dioten omenaldia da. «Euskara eta euskal kultura dira gure baloreetako bi eta bertsolariek horren baitan egiten duten lana handia da. Aitorrek urteak daramatza, 17 urte zituenetik, plazetan abesten eta egindako ibilbide hori aitortu nahi genion, Bertsolari Txapelketa Nagusian lortutako bigarren postuarekin batera», diote.

Proposamena herritarrengatik atera zen bileretako batean eta elkarteko kideek omenaldia antolatzea berengan hartu zuten. «Beste ekitaldi bat antolatzeko proposamena ere badugu. Helburua herriko erreferente diren hainbat herritarren lanari duten balioa ematea da: Maria Lasa Espainiako Atletismo Txapelduna izan zen asteburuan, Xabier Fernandez bela-kirolaria, xare jokalariak, eta abar».

Hasiera batean lau bilera planteatu zituzten eta orain arte bi egin dituzte. Eguberrien eta Inauteriengatik geldialdia egin dute urteko lehen hilabeteetan eta hemendik aurrera berriro hasiko dira lanean. «Herritar guztiak animatu nahi ditugu bileratan parte hartzera, adin eta jatorri guztietakoak. Helburua da herria izatea elkartearen parte. Prozesu mantsoagoa izan daiteke baina baita aberatsagoa ere», azpimarratzen dute. Parte hartu nahi dutenek irurakoelkartea@gmail.com helbidean jar daitezke harremanetan elkarteko kideekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos