Herriko plaza, erakuslehio aparta

Larruzko oinetakoak egiten aritu zen artisaua goiz guztian. / NÚÑEZ

Bere hamargarren edizioan herritar zein bisitari ugari erakarri zituen atzo Anoetako Euskal Jaiak

A. NUÑEZ ANOETA

Eguraldia lagun, Anoetako Euskal Jaiak hamargarren edizioa ospatu zuen atzo. Herritarrez zein bisitariz bete zen herriko plaza bertan jarritako postuetako produktuak ikusi eta erosteko.

Haziak izan dira aurten antolakuntzak aukeratutako gaia eta horren harira herriko baserrietako haziak bildu zituzten ikastolako ikasleek. Jaiaren aurkezpenean ere herriko baserritarrak izan ziren protagonista eta irekierako Agurra Argindegi, Sarobe eta Barrundiko baserritarrei eskaini zieten, azokan parte hartu zuten herriko hiru baserriak. Amaieran, dantzariek Euskal Jaiko zapi oroigarria jarri zieten.

Erosle ugari izan ziren atzo azokan, bazkalordurako baserrietako postuetan barazki zein fruitu gutxi geratzen zen. Baratzeko garaiko barazkiez gain gazta, sagarrak, intxaurrak, hurrak eta irasagarra ere baziren salgai. Era berean, mota guztietako artisautza produktuak zeuden ikusgai plazan, eskualdeko zein Euskal Herriko ekoizleen eskutik: ogia, ahatekiak, txerrikiak, gozoak, odolkiak eta mondejuak, ahuntz eta ardi gazta, ukenduak, eztia, kosmetika naturala, eskuzko pilotak... Gainera, Saharako jakiak eta herriko eragileen produktuak ere erosi ahal izan ziren. Plazaren erdian haziak landatzeko tailerra izan zen haurrentzat goiz guztian. Tomate, kalabaza zein bestelako haziak landatu zituzten eta erabilitako fruituekin pintxoak egin zituzten.

Frontoi aurreko kirolgunean animaliak izan ziren ikusgai: zaldiak, ardiak, ahuntzak eta ahariak, antzarrak eta abar. Haurrek eta helduek ederki pasatu zuten batetik bestera abere guztiak bertatik bertara ikusiz. Txikienek zaldian ibiltzeko aukera ere izan zuten. Arratsaldean ximaur tiraka demak jarri zuen giroa.

Fotos

Vídeos