Herriko lehen ikastolaren sortzaileak protagonista festen hasieran

Karmengo Ama ikastolako sortzaile, irakasle eta lehenengo ikasleak. / ARGAZKIAK A.G.

GOIKOETXEA ALEGIA.

Atzo 19:00ak pasatxoan irten ziren udaletxeko balkoira orain 50 urte Alegiako Karmengo Ama ikastolaren sorreran parte hartu zuten hainbat herritar, 2017ko Karmenei hasiera ematera. Joan Mari Oyarzabalek eta Begoña Azpeitiak bota zuten guztien izenean jaien hasiera iragarri zuen suziria, ikastolako lehen ikasle izan zirenek ekarri zuten txintxarria plazaren erdira, eta igandera arte luzatuko diren festak martxan jarri zituzten.

Txupinazoaren ostean Loatzo musika eskolako txarangako kideak irten ziren kalera herria doinuz betetzera, eta zahagi-ardoan afaldu ostean Sutarriko dantzarien emanaldia eta Elustondo anai-arreben erromeria izan zituzten lagun alegiarrek festetako lehen egunean.

Gaur adinekoek eta gaztetxoek izango dute protagonismoa egunaren zatirik handienean. 9:00etan, trikitilarien eta txistularien dianarekin batera, jubilatuen mendi ibilaldia eta gaztetxoen 3x3 saskibaloi txapelketa jarriko dira martxan. Mendi bueltaren ostean jubilatuek hamaiketakoa egingo dute arkupeetan. Umeek, berriz, 'Txapela buruan eta dantza munduan' ikusizuna izango dute zain plazan 12:00etan. Bi ordu geroago bazkaritarako elkartuko dira toki berean, eta ondoren playbacka: bakarka edo taldeka, gaztetxoek azken asteetan prestatutako koreografiak eskainiko dituzte. 18:00etan txokolatea hartzeko aukera izango dute.

Herritarren arteko toka txapelketa jokatuko da plazan 19:00etan: 12-15 urte artekoena lehenik, eta 16 urtetik gorakoena, jarraian. 19:30etik aurrera 'Kolpez Blai' prekushowa ibiliko da kalez kale. Zubian egingo den zahagi-ardoaren ondoren 22:30ean bertso-saioa izango da aukeran Elizpen zineman: Mikel Artola, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga ariko dira bertsotan Felix Irazustabarrena gai-jartzaile dutela. Eta gauerdian Hesian eta Passepartout taldeaK plazan.

Bulebarrean, herri bazkaria

Egun handia dute gazteek gaurkoa. Bertso poteoaren ondoren bazkaritarako elkartuko dira Bulebarrean. Arratsaldean herriko txaranga ibiliko da herrian eta gauean musika elektronikoaren zaleek galtzerik ez duten hitzordua izango dute Bulebarrean.

Fotos

Vídeos