Herriko ikastola sortu zutenek botako dute bihar festetako txupinazoa

Txintxarria plazara jaitsiko dute eta Karmen egunera arte luzatuko diren jaiei hasiera emango diete

GOIKOETXEA ALEGIA.

Bihar 19:00etarako iragarri du festa batzordeak 2017ko Karmenak martxan jarriko dituen txupinazoa, baina arratsaldeko lehen ordutik izango du festa usaina Alegiak.

Arratsaldeko 17:00etan futbitoko Santos torneoko haurren finala jokatuko da eta 18:30ean jaietako kartel lehiaketan parte hartu duten marrazkiak ikusgai jarriko dituzte plazako arkupeetan. Ordu berean, abiatuko da Larraitz auzotik Ordiziako erraldoiek eta buruhandiek, txistulariek, Loatzo musika eskolako trikitilariek eta dultzaineroek osatutako kalejira, eta txupinazorako plazan izango dira.

Duela 50 urte Alegiako lehen ikastola sortu zuen taldeko hainbat kide ikusiko ditugu aurten udaletxeko balkoian festei hasiera ematen. Suziria bota eta Txintxarria plazara jaitsi ostean Loatzo musika eskolako txaranga herrian barrena ibiliko da eta 21:00etan egingo da festetako lehenengo zahagi-ardoa plazan.

Gauerako bi hitzordu iragarri ditu festa batzordeak, plazan bertan: Sutarri dantza taldearen emanaldia 22:00etan eta Elustondo anai-arrebekin erromeria, jarraian.

Gaur, Bibalabirjen

Urtero bezala, gazteek antolatutako egitaraua egunbete lehenago hasiko da Bulebarrean. Gaur arratsaldeko 19:00etan emango diete hasiera Bibalabirjen festei ohiko sagardo dastaketarekin; horren aurretik, 17:30ean Santos torneoko helduen finala jokatuko da eta 18:55ean 'Oskar eta Manu etxera' elkartasun argazkia ateratzeko deia luzatu dute. Bulebarreko lehenengo zahagi-ardoaren ostean, Gabenara taldea izango da gaurko erromeriaren arduradun.

Bihar ping-pong eta partxis txapelketak jokatuko dira arratsaldeko 16:30ean gaztetxean eta gauean, berriz, Odolaren Mintzoa eta Zaparra taldeen kontzertuak izango dira Bulebarrean, Mojito gauean hain zuzen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos